Urte hasierako bi saio klasiko eta arrakastatsu zabalduko ditu aste honetako Hitzetik Hortzerak

2015/01/08
Amurrion eta Oñatin Gabon garaian izan diren bertso saioetan izan dira Hitzetik Hortzerako kideak. Bertan utzitako perla onenak gerturatuko ditu aste honetako programak.

Urte hasierako bi saio klasiko eta arrakastatsu zabalduko ditu aste honetako Hitzetik Hortzerak.

Amurrion hamar urte dira Txapelketa Nagusiko zortzi finalistak deitzen dituztela kanturako. Aurten ere bai, eta Aitor Sarriegik joaterik izan ez bazuen ere, han ziren kantutan, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina.

Lepo beteta zegoen Amurrio Antzokia, eta giro beroan saio umoretsua eta jolastia burutu zuten.

Urteroko saioa da Errege bezperakoa Oñatin. Entzule asko biltzen da bertan eta aurtengoan, Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Aitor Mendiluze, Andoni Egaña, Andoni Goitia eta Sebastian Lizaso ziren kantuan.

Bertan utzitako perla onenak gerturatuko ditu Hitzetik Hortzerak aste honetako programan.

Bi saio horren inguruan gai-jartzailearen figura ere aztertzen saiatuko da programa. Zenbateko ardura duen saioaren arrakasta edo porrotean, noraino markatzen duen edo markatu behar lukeen bertsoaldien tonua, saioaren kolorea…

Naroa Sasietak prestatu zuen Amurrioko egitura eta bertako gaiak eta Oñatikoan, bertso eskolaren laguntzarekin, Mirari Sagarzazuk atondu zuen saioa eta egin zuen aurkezleen lana.

Hitzetik Hortzera igande bazkalostetan ETB1n. Eta eitb nahieranen.

Amurrioko bertso saioko bertsoaldirik ederrenak eskainiko ditu igandean Hitzetik Hortzerak