Unai Iturriaga, Igor Elortza eta Josu Zabala, Hitzetik Hortzera

2021/10/14
Aste honetako programan, musikak eta bertsoak bat egiten duten proiektu ugarietako bati buruz arituko gara: Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariek Josu Zabala musikariarekin egindako ibilbidea xehatuko dugu alez ale. Otxandioko bolatokian elkartuko gara hiru protagonistekin. Hitzetik Hortzera: larunbatean, ETB1en.

20 urte inguru zituztela batu ziren bi bertsolari durangarrak Josu Zabala eta beste lau musikarirekin batera, eta Zazpi Eskale taldea sortu zuten 1994an. Bi disko eta makina bat kontzertu eskaini zituzten Euskal Herrian zehar. Hamar urte beranduago etorri zen Gu Ta Gutarrak proiektua; haien helduaroko sorkuntza prozesu landu baten emaitza izan zen, bertsozale askoren soinu banda bihurtuko zena. 2017ko udan elkartu ziren berriz Rafa Ruedarekin batera herriz herri eta festaz festa kaleko emanaldiak eskaintzeko: Kargak eta Deskargak.

Zer suposatu zuten Zazpi Eskale eta Gu ta Gutarrak taldeek orduko bertsogintzarentzat? Eta zer izan zen Igor, Unai eta Josuren bizitzetan? Gaur egun gutxiagotan elkartzen badira ere Otxandioko Bolatokian elkartuko ditugu aste honetan hiru protagonistak, euren ibilbideari, iraganari eta elkarri begira jartzeko.

Amurriotik Hernanira

Amurrion ere bat egin zuten bertsoek eta musikak. Kantuan Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Oihana Bartra aritu ziren, Gari Otamendi eta Ixak Arrutiren biolin eta gitarrak lagunduta. Horrez gain, Hernaniko Euskal Jaietako saioko bertsoaldiak ere izango dituzue entzun eta ikusgai aste honetako programan.

Bertsoaldi kuttunaren atalean berriz, Manuel Agirretxe errezildar bertsozaleak 2003ko Gipuzkoako bertsolari txapelketara eramango gaitu.

Ez galdu, Hitzetik Hortzera, larunbatean 21:00etan ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Igor Elortza, Josu Zabala eta Unai Iturraiga, Hitzetik Hortzera