Umeen neurrirako bertsoak, Hitzetik Hortzeran

2021/01/21
Aste honetako programan, Aissa Intxausti eta Eneko Arrate bertsolari eta antzezleekin batuko gara. Umeentzako antzerkiak egiten dituzte han eta hemen, bertsoa, kantua eta bat-batekotasuna ezinbesteko oinarri dituztela. Orain "Urpekakariak" emanaldiarekin dabiltza herriz herri, eta Munitibarko ikuskizunaren aurretik jarri dugu beraiekin hitzordua. Hitzetik Hortzera, larunbatean eta igandean, ETB1en.

Bertsolaritzak mundu guztiarengana iristeko gaitasuna duela argi geratzen da Aissarekin eta Enekorekin. Urpekakariak emanaldian Galtzerdi eta Leopardo izeneko umeen paperean sartzen dira Aissa Intxausti eta Eneko Arrate, igerilekuan dauden bi ume bihurrirenean. Umorea lehengai hartuta, hitzekin eta bertsoarekin gozatzera daramatzate etxeko txikienak ere.

Urpekakariak_Eneko Arrate eta Aissa Intxausti

 

Urpekakariak Lanku Kultur Zerbitzuen proiektua da, eta Ane Labakak eta Miren Amurizak eginiko gidoia du oinarrian. Modu umoretsuan, ikuslerik txikienak beren gorputzei begira jarri eta aniztasunaz, sexualitateaz edo genero rolez hausnar dezaten zirikatzea da emanaldi honen helburua. 

Emanaldi horren ingurukoez gain, azaro amaieran Donostiako Lugaritzen izan zen bertso saioko ale onenak gogoratuko ditugu aste honetako saioan; baita abenduan izan ziren Lezamako eta Markina-Xemeingo saioetako bertsoaldi batzuk ere. Bertsoaldi Kuttunaren atalean, Naroa Olano Altzoko bertso-eskolako kideak 2018ko ekainera eramango gaitu. Altzoko talde feminista aurkeztu zenean antolatu zuten bertso afari feministako ofizio bat gogoratuko dugu; kantuan, Eli Pagola eta Maider Arregi

Hitzetik Hortzera, larunbatean 21:00etan eta igandean 15:00etan, ETB1en; eta, edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Munitibarko ikuskizunaren aurretik egin dugu hitzordua Aissarekin eta Enekorekin.