Udazkenean egingo dugu Euskal Herriko Eskolartekoaren finala

2021/05/10
Lurraldeetako kanporaketa saioak eta finalak asteotan egingo dira: maiatzean izango dira Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako finalak, eta ekainean egingo da Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa batzen dituena.

Oinak buruan eta hitza ahoan, Euskal Herriko 14 eta 18 urte bitarteko gazteak hasi dira Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketaren baitan bertsotan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hasiak dira dagoeneko, eta Nafarroako eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako gazteei ez zaie askorik falta ekiteko. Udaberrian eta udan egingo du bere bidea lurraldeetan Eskolarteko saguzarrak, eta udazkenean berriro astinduko ditu hegalak Euskal Herriko Eskolartekoaren aitzakian.

Apirilaren 23an hasi genuen txapelketa Gipuzkoan, eta pasa den astean Araban eta Bizkaian. Horiek amaituta gauzatuko ditugu finalak lurralde bakoitzean: maiatzaren 15ean egingo dugu Agurainen Arabakoa, Bertsoa Bizi Gazte Eguna ospatzearekin batera. Maiatzaren 28an zehaztu dugu Gipuzkoako Eskolartekoaren finala Urnietan, eta hurrengo egunean finkatu ditugu Bizkaikoa eta Nafarroakoa; Igorren eta Lesakan, hain zuzen. Nafarroaren kasuan, saio bakarrera ekarriko dugu Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketa, eta egun horretan ospatuko dugu, gainera, Nafarroako Bertso Eskolen Eguna. Ekainean egingo ditugu saioak Lapurdi, Baxenebarre eta Zuberoako gazte bertsolariak elkartzen dituen txapelketari dagokionez. Ekainaren 26an egingo da finala Senperen.

Lurralde bakoitzean sailkatzen diren txapeldunordeekin eta txapeldunekin egingo dugu azkenik 2021eko Eskolartekoari amaiera emango dion Euskal Herriko Eskolartekoaren finala.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dugu Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketa; Euskal Herrikoak 32 beteko ditu aurten. Gazteei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea du helburu, eta baita haurrak eta gazteak entzulearen aulkitik zaletzea ere.

2020koan ezin eginda, Eskolatik Plazara

COVID-19ak 2020ko Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketaren ohiko martxa eten zuen. Lurraldeetan gauzatu genituen txapelketak, baina Euskal Herriko finala ezin izan zen egin. Horren ordez, eta gazte finalistek jendeaurrean oholtzaratzeko aukera izan zezaten, plazan ohikoak diren bertsolariekin saioak antolatu genituen: Eskolatik Plazara ekimen horren baitan, hiru saio egin genituen Gernika-Lumon, Iruñean eta Altzon.

Eskolarteko bat-bateko txapelketaren finalak

  • Araba. Maiatzaren 15ean, Agurainen (Bertsoa Bizi Gazte Egunarekin batera).
  • Gipuzkoa. Maiatzaren 28an, Urnietan.
  • Bizkaia. Maiatzaren 29an, Igorren.
  • Nafarroa. Maiatzaren 29an, Lesakan (Nafarroako Bertso Eskolen Egunarekin batera).
  • Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa. Ekainaren 26an, Senperen.
  • Euskal Herria. Udazkenean.

2019an egin zen azken finala, Saran. / XDZ