Udazkenean egingo dira Bizkaiko, Nafarroako eta Xilaba txapelketak

2021/06/01
Sasoi berean egiteko eta zaleei haien jarraipena errazteko, saioak uztargarri egiten dituen egutegia osatu da.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta Xilaba amaitu gabe utzi ziren iaz; eta urte honen hasieran behar zuen Nafarroakoak. COVID-19ak eragindako zailtasunak tarteko, ordea, data zehaztu gabe atzeratu ziren. Egoeraren bilakaera ikusita, Bizkaiko, Nafarroako zein Bertsularien Lagunak elkarteek txapelketa hauek 2021eko udazkenean egitea erabaki dute.

Zortzina saio izango dituzte Xilabak eta Nafarroako Bertsolari Txapelketak, eta hamar Bizkaikoak. Kasu bakan batzuetan, egun berean izango dira zenbait saio, baina zaleei haien jarraipena errazteko, txapelketak elkarren artean ahalik eta modu onenean uztartzeko egutegia osatu da.

Final laurdenetan zela eten zen Xilaba iaz. Frantziako Estatuak pandemiaren aurka egiteko neurriak gogortu zituen urrian, eta kultur emanaldiak bertan behera geratu ziren. Irailaren 18an hasiko da berriro ere txapelketa, eta azaroaren 13an izango da finala.

Udabarria bertsotan sailkapen saioak irailean eginda, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ez hastea erabaki zen, aurreikusten ziren eragozpenak tarteko. Urriaren 3an hasiko da txapelketa eta abenduaren 18an ezagutuko dugu txapelduna.

Ekainean izango dira Nafarroako aurrekanporaketak

Urtearen hasieran ziren egitekoak Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak. Araban, ohiko txapelketa egin beharrean, maiatzean bukatu berri den binakakoa gauzatu zen.

Nafarroan, aldiz, atzeratu eta urriaren 2an ekingo zaio Nafarroako Bertsolari Txapelketari; azaroaren 27an izango da finala. Aurretik, ordea, sailkapenerako saioak gauzatuko dira, eta horiek ekainean egingo dira.

Laster ezagutaraziko dira Nafarroako aurrekanporaketen inguruko xehetasunak eta hiru txapelketen inguruko informazioa udazkena gerturatu ahala.

Pandemiaren eboluzioaren arabera, irailean, egoeraren irakurketa berria egin eta beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

COVID-19ak eragin izugarria izan du bertsolaritzan. Zentzu horretan, bertso-eskoletako eta bertso plazetako dinamika berreskuratzean du begia jarrita bertsolaritzaren mugimenduak. Azken hilabeteotako bertso plazako zenbait datu dituzu hemen.

Irailean hasiko da Xilaba eta urrian Bizkaikoa eta Nafarroakoa. / XDZ - Alberto Elosegi