Udako Bertso Eskola, ekainaren 29an eta 30ean

2021/05/17
UEUko Udako Ikastaroen eskaintzaren baitan antolatu dugu bi eguneko ikastaldia. Iruñeko Katakraken izango da, eta gogoetak partekatzeko gunea ez ezik, ariketa praktikoak egiteko gunea ere izango da.

Ikasturtea ondo amaitu eta uda ondo hasteko plan ezin hobea dugu bertsozale gazteentzat. UEUko Udako Ikastaroen baitan, Udako Bertso Eskola antolatu dugu. Iruñeko Katakraken izango da ikastaldia, ekainaren 29an eta 30ean, goizez eta arratsaldez.

Gaur argitaratu du xehetasunez UEUk aurtengo udako eskaintza eta tartean da ikastaro hau ere; matrikulatzeko aukera ere ireki da.

Bertsolaritzari buruzko ikerketak eta gogoetak partekatzeko gunea izango da Udako Bertso Eskola, baita bertsogintzaren teknika hobetzekoa ere. Ikastaroan zehar ariketa praktikoak proposatuko dira, eta landutakoa praktikan jartzeko abagunea edukiko dute ikasleek ikastaro bukaerako saioan.

Batik bat 30 urte arteko bertsozale eta bertsolari gazteei zuzendutako ikastaroa da; adinez helduak ez direnek parte hartzeko gurasoen baimena beharko dute*. Alabaina, interesa duen edozein adinetako bertsozaleak edota kulturazaleak ere eman ahalko du izena. Matrikula ikastaroa hasi baino astebete lehenago itxiko da. 25 euro balio ditu matrikulak.

Bi egun osoko ikastaroa izango denez, bazkaltzeko aukera izango da Katakraken bertan 12 euroren truke.

UEUk eta Bertsozale Elkarteak antolatu dugu ikastaroa, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedraren laguntzarekin.

Informazio gehiago duzu hemen.

 DESKARGATU programa.

* Adinez helduak ez direnek ikastaroan parte hartzeko gurasoen baimena dutela adierazten duen idatzi arrunt bat helarazi behar dute helbidera.

 

Ekainak 29

• 10:15 Ongietorria
• 10:30-11:30 Hainbat bertsoaldi eztabaidagai, genero-ikuspegitik (tailerra). Ane Labaka  
• 11:30-12:15 Bertsolarien kantaeraz. Maddi Soroa    
• 12:15-12:45 Pausa
• 12:45-14:15  Bat-bateko bertsoen kantaera lantzeko tailerra. Maddi Soroa    
• 16:00-17:00 Agurraren aurretik. Andoni Egaña
• 17:00-18:00 Gaiak, egitura eta aurkezletza: Nonbaitetik abiatu nonbaitera heltzeko. Maite Berriozabal         
• 18:00-19:30 Bertso saio baterako gaiak sortzeko tailer praktikoa. Maite Berriozabal (gai eta ariketak hurrengo eguneko saioan baliatuko dira)   

Ekainak 30

• 10:15 Ongietorria
• 10:30-11:15 Prentsa historikoko hari muturrekin bertsolaritzaren historia soziala ehuntzen. Antxoka Agirre     
• 11:15-12:00 Bertsolari gazteen mugimenduak: Hamaika Bertute. Amaia Agirre
• 12:00-12:15 Pausa
• 12:15-13:00 Taldean bakarka. Bakarkako bertsoaldien prestaketa. Alaia Martin          
• 13:00-14:30 Bertsolariaren presentzia (ariketa praktikoak). Manex Fuchs               
• 17:00-18:30 Bertso saioa. Saioa ikasleei ez ezik nahi duen orori irekia izango da, eta doakoa. Aretoaren aforoa 60 lagunekoa da (ikasle, hizlari eta antolatzaileak barne) eta bete arte egongo da atea zabalik
o Bertsolariak: ikastaroko ikasleen saioa (4, 5 edo 6 ikaslerekin)
o Gai-jartzaile: ikastaroko ikaslea(k) gai-jartzaile
o Gaiak eta egitura ikastaroko tailerrean prestatutakoak
• 18:30 Ikastaroaren itxiera 

 

Katakraken bertsolaritzari loturiko eskaintza izango da aurten ere. / XDZ