Son Gokuren ahotsari aurpegia jarriko dio Hitzetik Hortzerak

2016/10/06
Aste honetako programan Alkiza, Aizarnazabal, Loiu eta Aretxabaletako bertsoaldiak izango dira ikusgai, eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren berri ere emango dugu. Historikoen atalean, Xabier Amurizak "aita" hitzari kantatutako bertsoaldia berreskuratuko dugu.

Bete-betea dator denboraldiko bigarren Hitzetik Hortzera. Aste honetan Joseba Etxebarria izango da gonbidatua: bikoizketa lanetan aritzen da larrabetzuarra eta, besteak beste, berak jarri zion Dragoi Bola marrazki bizidunen sail arrakastatsuko protagonistari, Son Gokuri, ahotsa. Bere lanaren berri ezagutuko dugu bere eskutik.

Joseba Etxebarria bertsozalea da, gainera, eta harreman estua du Bertsozale Elkartearekin. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako antolakuntza taldean urte asko daramatza jada. Urriaren 15ean abiatuko da udazkeneko fasea, eta datorrenaren berri emango digu. Horrez gain, udaberriko fasean izandako berrikuntzak ere azalduko dizkigu.

Lau bertso-saiotako bertsoaldiak

Aste honetan bertso-saio ugaritako bertsoaldiak izango ditugu, gainera, ikusgai: Alkiza, Aizarnazabal, Aretxabaleta eta Loiukoak hain zuzen ere. Hala, Maialen Lujanbio entzungo dugu Oihana Iguaranen, Amets Arzallusen, Andoni Egañaren, Agin Labururen eta Sebastian Lizasoren mediku lanetan; hernaniarra Sigourney Weaverren larruan sartuko da eta Sebastian Lizaso garbitzailea baineran aurkituko du; Amets Arzallusen eta Andoni Egañaren puntukako saio ederraz gozatuko dugu; Jexux Mari Irazu aita Aitor Mendiluze semeari etxeko-lanetan lagundu nahi eta ezinean ikusiko dugu...

Aste honetan bertsoaldi historiko bat berreskuratuko dugu, gainera. Ezaguna da 1980an Xabier Amurizak "aita" gaitzat hartuta osatu zuen bakarkakoa; Ikuska sailerako ikus-entzunezko lan eder bat osatu zuten ondoren bertsoaldi harekin. Lan haren zatitxo bat pantailaratuko dugu aste honetan, eta Xabier Amurizaren ahotsetik jakingo dugu gai hark zer mugitu zuen bere barruan eta nolakoa izan zen sortze-prozesua.

Ohi den bezala, igandean izango da ikusgai Hitzetik Hortzera ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango duzue EITB Nahieranen.

Joseba Etxebarria bikoizlea izango da Hitzetik Hortzerako gonbidatua