Señora: bertsolaritza eredu berri bat, Hitzetik Hortzera

2021/09/16
Aurtengo udaberrian antolatu zuten lehen aldiz Señora Sariketa hainbat bertsolari eta bertsozale feministak elkarlanean. Gaietatik hasi eta saioetan sortutako girora, bertsolaritzaren hainbat arlo eraldatu eta hainbat lege inplizitu hankaz gora jarri nahiaren emaitza izan zen sariketa berri hau. Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.

Guztira, hiru saiok osatu zuten lehenengo Señora Sariketa. Aurrenekoa Aramaion izan zen, bigarrena Mutrikuko Kalbaixon eta finala Lesakan, ondoren; eta, hain zuzen ere, Kalbaixon bertan elkartu zen Eider Perez aurkezlea Eli Pagola eta Udane Mugerza antolatzaileekin.

Sariketa antolatzerakoan hartutako erabakiak, jarritako helburuak, sailkapen eta epai sistema berria, lehia-ez lehiak sortutako kontraesanak… eta noski, Lesakako finala eta izandako sentsazioak izango dituzte aipagai aste honetako protagonistek.

Lesakako finaleko bertsoaldiak

Elkarrizketaz gain, Lesakan izandako finaleko bertsoaldien hautaketa zabala ere bilduko du aste honetako programak. Berriozarko urteroko jaialdiko eta Donostiako Piratek antolatutako Kabotajea 2021 programaren parte izan zen bertso saio musikatuko ale batzuk ere eskainiko dira.

Bertsoaldi kuttunaren atalean, aste honetan, Garazi eta Nerea Zarauzko Etxebeste Bertso Eskolako kideek azken Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalera eramango gaituzte.

Ez galdu Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Amaia Agirrek irabazi zuen I.Señora Sariketa.