Sardiniako, Kurdistango eta Herrialde Katalanetako adierazpideak ezagutuko ditugu Bertsoan

2016/05/02
Europa bat-bateanen udaberriko biran aritu diren bitartean, euren sorkuntza lanaz hitz egin dute inprobisatzaileek Bertsoan.

Sardiniako Paola Dentoni eta Simone Monni cantadorien, Kurdistango Zinar Ala dengbêjaren eta Kataluniako Ferriol Macip eta Mireia Mena glosadoreen hitzak jaso ditu Bertsoak. Europa bat-bateanen baitan gauzatutako udaberriko saioetan parte hartu zuten inprobisatzaileek eta sareko plazak aukera baliatu du euren ahotik beren kantu inprobisatua ezagutzeko. Astelehenetik asteazkenera bitarte, haiek entzuteko abagunea eskainiko du Bertsoak.

Asteburuan izan diren hamaika sariketa eta txapelketaren jarraipena ere egin du Bertsoak eta horien emaitzak plazaratuko ditu: Pernando Amezketarra sariketa, Bertso Txiki Saio Haundi, Plazatik Gaztetxera edota Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Datozen beste hainbat saioren xehetasunak ere hurbilduko dizkigu aste honetan: Oholtzapetik egitasmoaren azken saioa finalaren aurretik, Zortzi Puntutanen hurrengoa eta II. Erniarraitz bertso kopa. Horiekin batera, eta ikasturtea amaitzera doala aintzat hartuz, Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko Eskolarteko kanporaketen berri ere eskainiko du sareko plazak.

Bertsoak entzuteko aukera ere izango da, noski: Gasteizen eta Altzon berriki botatako bertsoaldiak izango dira entzungai, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren baitan Derion plazaratutakoekin batera. Eta ostiralean, ohitura onak ez galtzeko, duela zenbait urte botatako bertsoaldia berreskuratuko du Bertsoak Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzaz.

Cantadorien hitzak eta BBT16aren baitan Derion gertatutakoak dakartza Bertsoak