San Isidro Eguna Astigarragan ospatuko dugu

2020/05/11
Ostiral eguerdian izango da aste honetako Plaza, Astigarragako Udalak antolatuta. Aurretik, Potokasta entzun eta bertsotan ere egingo dugu Bidaia.

Jon Gurrutxaga bertsolari azpeitiarraren potokastarekin ekin diogu asteari Bertsoa.eus atarian. Bertsotan nola hasi zen azaldu digu, baita egungo egoera nola bizi duen eta bertsotarako jardunarekin lotutako beste hainbat konturen inguruan aritu zaigu; Azpeitia sarreran dagoen komentutik osatu digu potokasta.

Asteazkenean, bidaia eguna da; eta a ze nolakoa! Buruari bira, 80 mundutan. Josu Iztueta bidaiariaren eskutik egingo dugu, Iker Iriarte gai jartzen dela eta Beñat Gaztelumendi eta Uxue Alberdi bertsotan. 18:30ean abiatuko gara tourrean.

Eta ostiralean, Plaza. Astigarragako Udalak antolatutako bertso saioarekin ospatuko dugu San Isidro Eguna: Agin Laburuk jarritako gaiei erantzuten ariko dira Andoni Egaña, Nerea Elustondo, Onintza Enbeita eta Sebastian Lizaso. Eguerdian, 12:00etan, elkartuko gara bertsoa.eus atariko plazan.

Saioetako bertsoaldien hautaketa datozen egunetan ere entzungai izango da webgunean.

Ederra dator bertso astea!