"Rocka puntua!" Bertsoa.eus atarian

2018/05/02
Alberto Irazu liburuaren egileari elkarrizketa egin dio sareko plaza digitalak. Ostegunean argitaratuko da.

Rockaren eta bertsolaritzaren arteko harremanaren ingurukoa da Rocka puntua! liburua. Lan honen ingurukoak gehiago ezagutu nahian, Alberto Irazu egilearekin elkartu da Bertsoa.eus-eko lantaldea eta solasaldia ikusgai izango da ostegun honetan bertan. Harreman horren eta lanaren inguruko gakoak argituko dizkigu Irazuk.

Bertso saioei dagokionez, Donostiako Altzan gauzatzen den Bertso Aroko emanaldietako bat eta Asteasun Pello Errotaren eta Mikaela Elizegiren inguruan osatutako bertsoaldiak izango dira gozagai. Lehenean bertso saio musikatua eskaini zen: Onintza Enbeita, Miren Artetxe, Maddalen Arzallus eta Oihana Iguaran aritu ziren kantuan, Amaia Agirreren esanetara. Bigarren saioan, hitzaldiez aparte, bertsotarako abagunea ere izan zen, eta Maialen Lujanbio eta Anjel Mari Peñagarikano aritu ziren.

Bertsomovieda, Plazatik Gaztetxera, Oholtzapetik, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Eskolartekoa eta Bertso Eskolen Egunak ere izango ditu hizpide aste honetan Bertsoa.eus atariak.

Altzako bertso saio musikatua, sareko plaza digitalean.