Plazatik Gaztetxera, Bertsoan

2015/05/05
Gai-jartzaile eskolaren haritik antolatutako saioaren ingurukoak ere bilduko ditu bertso-atariak.

Aste honetan ere, bertsolaritzako berriak plazatik sarera ekarriko ditu Bertsoan atari digitalak. Ostiral honetan abiatuko da XIV. Plazatik Gaztetxera txapelketa. Lehen kanporaketa Soraluzeko gaztetxean izango da, eta ekainaren 13an amaituko da Markina-Xemeinen. Azken egunerako, gainera, txapelketa borobiltzeko egun berezia antolatu dute. Informazio zabala eskainiko du Bertsoan atariak ostegunean antolatzaileen ahotik.

Bestalde, gai-jartzaile eskolaren amaieraren haritik, bertso-saioa burutuko da Amasa-Villabonan. Amets Arzallus, Andoni Egaña, Igor Elortza, Ane Labaka, Maialen Lujanbio eta Aitor Sarriegi izango dira bertsotan 22:30etik aurrera, Gurea aretoan. Eskolaren eta ekitaldiaren ingurukoak aurreratuko ditu Bertsoak bihar. Gogoan izan, Bertsozale Elkartearen Facebook orrian hiru sarrera bikoitz ditugula zozketan.

Noski, bertsoak entzuteko aukera ere izango da atarian: iragan astean izandako Bertso Derbiak eman zuen onena dago entzungai eta ikusgai, eta baita Gasteizko gaztetxearen urteurreneko saioan jasotako bertsoaldiak ere.

.eus domeinuarekin

Sarean euskara eta euskal kultura sustatzeko ekimenarekin bat eginez, Bertsoa atariak .eus domeinua bereganatu du. Honenbestez, aurrerantzean, www.bertsoa.eus atarian topatuko dituzu bertsolaritzaren inguruko berriak.

Gasteizko gaztetxearen urteurrenean jasotako bertsoaldiak, Bertsoa atarian