Plateruenari azken agurra, Hitzetik Hortzeran

2021/01/14
Euskara eta euskal kultura erdigunean jartzeko asmoz abiatu zen Durangoko Plateruenaren proiektua orain dela ia 18 urte, baina irailaren amaieran Plateruenak ateak itxiko zituenaren albistea iritsi zen. Erika Lagoma bertako bazkide eta bertsolariarekin elkartu gara, urteko azken bertso saioaren egunean. Hitzetik Hortzera, larunbatean eta igandean, ETB1en.

Lehendik zetozen zailtasunei, COVID-19ak kulturari eta ostalaritzari emandako kolpea gehitu zaie eta bazkideek ezin izan dute beste erabakirik hartu. Berbaro euskara elkartearen inguruko herritar talde batek abiatu zuen Plateruenako proiektua, eta 2004tik hona, 2.000 kultur ekitalditik gora antolatu dira bertan; horietako asko bertsolaritzari lotuak. 

Urteko azken bertso saioa, adibidez, urteroko hitzordu garrantzitsua izan da, eta hala izan da aurten ere. Gainera, bi saio antolatu zituzten abenduaren 30ean, eta bertso gosea asetzeko aukera ezin hobea izan zuten bertaratutakoek. Horrez gain, 2017ko Bertso Korrika edo Xabier Amurizari eskainitako omenaldiko momentu batzuk gogoratzeko aukera izango dugu aste honetako Hitzetik Hortzeran.

Ibon Iza Igorreko bertsozaleak Unai Iturriagaren bakarkako bat ekarriko digu aste honetako Kutunaren atalera: Elizondon, 2013ko Txapelketa Nagusian kantatutakoak, hain zuzen ere.

Aste honetako Hitzetik Hortzerak eskerrak eman nahi dizkio Plateruenari eta bertan lanean aritu diren guztiei azken urte hauetan euskal kulturari eta bertso munduari eginiko ekarpenagatik. Mila esker Plateruena!

Hitzetik Hortzera: larunbatean 21:00etan eta igandean 15:00etan, ETB1en, eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Urtea amaitzeko bertso saioa egin izan dute Plateruenan.