Otsailean hasiko da Eskolartekoa

2019/01/30
Gipuzkoan hasiko da egitasmoa eta udaberria hurbildu ahala loratuko da beste lurraldeetan ere. Herrialde osoko parte hartzaileak elkartuko dira gero ekainaren 8an, Saran.

Saguzarra hasia da oinak burura ekartzen. Eskolartekoaren irudi den maskotari ez zaio askorik falta hegalak astintzeari ekin eta lurraldez lurralde hainbat bertsozale gazteri bertsoa eragiteko.

Hiru hamarkadatako bidea egin du egitasmoak lurralde guztietan modu bateratuan egiten denetik, eta 31. aldia izango du aurtengoa. Idatzizko zein bat-bateko txapelketak egin ohi dira Euskal Herriko ikastetxeetan; Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak gauzatzen dute elkarlanean bat-bateko egitasmoa. 15-18 urteko gazteek hartu ohi dute parte horretan.

Ekainaren 8an egingo da Euskal Herriko Eskolartekoaren jaia, Saran. Han elkartuko dira aurretik lurraldez lurralde egindako eskolartekoetan aritu diren parte hartzaileak; kasu gehienetan, probintzia bakoitzeko bina ordezkari.

Hala, lurraldeetan abiatuko du bere bidea Eskolartekoak. Gipuzkoan hasiko da otsailaren 15ean, 23 parte hartzailerekin. Bi hilabetetan zenbait saio eginda, jai giroan amaituko da Lasturren, apirilaren 5ean. Egun berean egingo da Eskolartekoa Nafarroan; Arantzan elkartuko dira bertsozale gazteak.

Udaberri bete-betean harat-honat ibiliko da saguzarra, maiatzean gauzatuko baita Eskolartekoa Araban, Bizkaian eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan. Bizkaian lau saio egingo dira azken saioaren aurretik; maiatzaren 25ean egingo da finala. Egun horretan elkartuko dira Lapurdiko, Baxenabarreko eta Zuberoako bertsozale gazteak ere; Hazparnen egingo da hitzordu hau. Araban bi egun hartu ohi dira, adin ezberdinetako gazteentzat: nerabeek maiatzaren 11n ospatuko dute Eskolarteko jaia, Legution, Bertsoa Bizi Gazte Egunarekin batera. Gazteagoentzako maiatzaren 25ean izango da festa.

Bertsotan aritzeko lekua eskaintzen zaie Eskolartekoaren bitartez gaztetxoei, eta etorkizuneko bertsolariak eta bertsozaleak trebatzeko plaza da. Euskal Herriko gazteen arteko harreman sarea osatzeko bidea ematen die topagune honek; gainera, ikasturtea amaituta, Bertso Udalekuetan jarraipena ematen diote harreman sare horri bertsozale gazte horietako askok.

Adi jarraitu www.bertsozale.eus eta www.ikastola.eus web guneetan lurralde bakoitzean Eskolartekoak izango duen egutegia.

Esnatzear da saguzarra.

Hirugarrenez, Saran egingo da Euskal Herriko Eskolarteko jaia. / XDZ