"Oso gustura gaude lehen itzuliak eman duenarekin"

2015/05/19
Gipuzkoa Bertsotanen balorazioa egin du Saroi Jauregik; gustura egoteko arrazoiak, ostegunean, Bertsoan.

Lehen itzulia amaitu eta bigarrenari ekin berri dio Gipuzkoa Bertsotanek. Asteburu honetan atseden hartuko du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen faseak eta eten hau baliatu du Bertsoak lehen balorazioa egiteko. Horretarako Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria den Saroi Jauregiren adierazpenak bildu ditu sareko plazak, eta ostegunean izango da elkarrizketa osoa ikusgai. Pasa berri den asteburuan Zaldibian, Antzuolan, Hernanin eta Bergaran botatako bertsoaldi onenak ere bildu ditu Bertsoak eta horiek zintzilik izango dira gaur bertan.

Gaztetxoenak ere ari dira euren plazak egiten, Eskolartekoa medio. Arabako finala larunbat honetan izango da Kanpezun, eta jarraipena egingo dio Bertsoak. Hurrengo egunean, maiatzaren 24an, Nafarroako Bertso Eskolen Eguna ospatuko da eta horren berri ere emango du sareko plazak ostegunean.

Plazatik Gaztetxera txapelketa ere abian da. Pasa den asteburuan izan ziren azken kanporaketa saioak Eibarren eta Elgoibarren, eta han parte hartutako bikoteek botatako bertsoaldi onenak zintzilikatuko dira ostegunean.

Astea biribiltzeko, atzera begirakoa egin eta Xenpelar Dokumentazio Zentroarekin elkarlanean, aurreko urteetan bildutako bertso sorta berreskuratuko du Bertsoa sareko plazak.

Bertsoa, sareko plaza