Oihana Bartrari elkarrizketa, Bertsoa.eus atarian

2018/05/28
Bere ibilbidearen gainean, bertso plazen inguruan eta oro har bertsolaritzari buruz ariko da sareko plaza digitala bertsolari bilbotarrarekin.

Bere hastapenen inguruan, jaioterria duen Bilbo eta bere begietatik bertsolaritzak egun duen egoera izango ditu hizpide Oihana Bartrak, astearen amaierarako Bertsoa.eus atariak argitaratuko duen elkarrizketan. Ostegunean ikusi eta entzun ahal izango dugu aurrerapena.

Bertsoei dagokionez, SF78 Gogoan! ekimenaren eskutik pasa den astean antolatutako Memoriaren bertsoak saioko hautaketa jarriko da sarean. Han izan ziren kantuan Aimar Karrika, Eneko Lazkoz, Irati Majuelo, Julio Soto, Saioa Alkaiza eta Sustrai Colina, Alaitz Rekondo gai-jartzailearen esanetara. Bestetik, Anoetako jaiak tarteko, ostiralean gauzatu zen bertso jaialdiaren lagina jarriko da sarean: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Beñat Iguaran, Maialen Lujanbio, Miren Amuriza eta Miren Artetxe izan ziren bertsotan, Maddi Sarasolaren gidaritzapean.

Eta Erniarraitz Kopa, Orixe Saria eta Barañaingo Kopla sariketa izango ditu hitzetik hortzera, baita Arabako Oholtzapetik egitasmoa eta udabarriko fasea amaitu berri duen Bizkaiko Bertsolari Txapelketa.

Iruñeko eta Anoetako saioetan izandako bertsoaldiak jarriko dira sarean.