Oier Sanjurjorekin egongo gara igandeko Hitzetik Hortzeran

2016/11/24
Bertsozalea da Osasuna taldeko kapitaina, eta bere futbol ibilbideaz eta futbolak eta bertsoak dituzten antzekotasunez ariko gara. Arkaitz Goikoetxeak eta Fredi Paiak 2001ean Donibane Garazin egindako bertsoaldia berreskuratuko dugu eta Iruñea, Ermua eta Arrasateko bertsoaldiekin josiko dugu programa.

Bertsozalea da Oier Sanjurjo futbolaria. Osasuna futbol taldeko kapitaina da gaur egun. Bera izango da igandeko Hitzetik Hortzerako gonbidatua. Bere ibilbideaz ariko gara berarekin, eta bertsolaritzak eta futbolak dituzten antzekotasunez ere jardungo gara.

Epailea eta futbolaria, Historikoan

Futbola bertso-gai bilakatuko da aste honetako Historikoan ere. 2001ean futbolariaren eta epailearen paperetik aritu ziren Arkaitz Goikoetxea eta Fredi Paia Donibane Garazin. Txapelketa Nagusiko saioa zen, eta umoretik aritu ziren zortziko txikian elkarri zirika.

Dena den, gaurkotasunak ere izango du lekurik aste honetako programan ere. Iruñean Bertsoaroa zikloko azkeneko bertso-saioan izan ziren Hitzetik Hortzerako kamerak. Tartean, Nafarroako, EAEko eta Euskal Elkargoko lehendakarien arteko bilera antolatu nahian aritu ziren Julio Soto, Beñat Gaztelumendi eta Amets Arzallus; futbolzalearen eta tabernariaren paperetik jardun ziren Julio Soto eta Agin Laburu; Xalbadorri kantatu zion Amets Arzallusek bakarka eta bertsotan egingo zuen robota sortzeko lanetan aritu ziren Julio Soto eta Beñat Gaztelumendi. Bertsoaldi horiek entzungai izango dira igande honetako programan.

Eta Ermua eta Arrasateko bertsoaldiak ere ekarriko ditugu pantailara: gorputzeko atal bana hautatzen arituko dira Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Amets Arzallus, Uxue Alberdi eta Unai Iturriaga; etxeko lanen inguruan ikuspegi desberdinak dituzten bi irakasleren larrutik entzungo ditugu Alaia Martin eta Andoni Egaña eta zahar-etxe batean sartuko dira Oihana Bartra eta Maider Arregi.

Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera; eta, laster, interneten ere aurkitu ahal izango duzue EITB Nahieranen.

Oier Sanjurjo, Osasunako kapitaina