Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finalaren ataria Hitzetik Hortzeran

2021/11/19
Azaroaren 28an jokatuko da Iruñean 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. Aste honetako programan finalerdietako bertsoaldien hautaketa eskaintzeaz gain, Estitxu Arozena aurtengo txapel-emailearekin elkartuko gara. Hitzetik Hortzera: larunbatean, ETB1en.

Urte hasieran izan behar zena pandemiak atzeratu eta udazkenean egiten ari da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 45. edizioa. Pixkanaka egin du bere bidea, eta azkenengo geltokia bakarrik geratzen zaio: finala. Aurretik, lau kanporaketa eta hiru final aitzineko jokatu dira; azken hauek Altsasun, Berriozarren eta Leitzan. Hiru saio horietako hautaketaz gozatzeko aukera izango dugu aste honetako Hitzetik Hortzeran.

Azkenean zortzi bertsolarik lortu dute hurrengo igandean Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalean kantatzeko txartela: Eneko Lazkoz Martinez, Julio Soto Ezkurdia, Joanes Illarregi Marzol, Saioa Alkaiza Guallar, Josu Sanjurjo Altzuri, Xabat Illarregi Marzol, Xabier Silveira Etxeberria eta Eneko Fernandez Maritxalar.

Aurtengo txapel-emailea ere elkarrizketatuko dugu, Nafarroako bertsogintzaren ikur ezaguna den Estitxu Arozena Albizu. Bertsoari emandako bizimodu bat da berea: gazterik hasi zen plazarik plaza, eta Nafarroako bi txapelen jabe ere bada. Egun, bertsolaritzaren transmisioan ari da ikastetxe zein bertso-eskoletan. Berarekin elkartuko gara Lesakan, eta aurtengo txapelketaz, iraganeko haren oroitzapenei buruz, txapela janztearen keinu sinbolikoaz eta Nafarroako bertsogintzaren egoeraz arituko gara solasean, besteak beste.

Larunbatean, 21:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Estitxu Arozenarekin elkartu da Eider.