Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, Hitzetik Hortzeran

2019/03/21
Anaitasunako giroa, bertsoaldiak, txapeldunaren hitzak eta eguneko une bereziak ekarriko ditugu pantailara. 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finaleko saio berezia eskainiko dizuegu igandeko programan.

Tuteratik Urdazubira, Iruritatik Lizarrara, Lesakatik Atarrabiara eta Etxarri-Aranaztik Iruñera, finalera. Aste honetan, Hitzetik Hortzeran, Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken hitzordu handiaren kontakizuna egingo dugu.

Oholtza gainean izango dira Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi, Julen Zelaieta, Julio Soto, Xabat Illarregi, Xabi Maia eta Xabier Terreros. Fernando Anbustegik egingo ditu aurkezle lanak eta Alaitz Rekondok emango dizkie gaiak bertsolariei.

Txapeldunarekin solasean

“Eta 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapelduna da…”. Galdera horren erantzuna larunbatean jakingo dugu, eta, jada, igandeko programan txapeldunak saioan izandako bizipenak, sentsazioak eta iritziak entzungo ditugu. Nori eskainiko dio azken agurra txapela buruan duela? Zein unetan sentituko ote da txapelduna erosoen saioan zehar?

Joxema Leitzak (Arbizu, 1971) jantziko dio txapela irabazleari. Bertsolari, gai-jartzaile, epaile, bertso irakasle eta eragile, bertsolaritzari alderdi gehienetatik egin dio ekarpena. Txapela jartzeko keinu horren bitartez, bertsolaritzaren alde egindako lana aitortu nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Igandean, 15:00etatik aurrera, Hitzetik Hortzera ETB1en; eta, gerora, EITB Nahieran webgunean.

Finala, zuzenean

Bestalde, larunbatean finala zuzenean eskainiko da ETB4n, 17:00etan hasita; baita www.eitb.eus eta www.bertsoa.eus atarietan ere.

21:00etatik 22:00etara, buruz burukotik aurrerakoak eskainiko dira ETB1en.

Anaitasunan pasa den astean egindako agerraldian. / XDZ