Nafarroa

Nafarroako Bertso Eskolen eguna eta 14 urte arteko eskolarteko bertsolari txapelketa Donezteben

2013/05/13
Bertso Eskoletan dabiltzan 14 urte arteko Nafarroa osoko gaztetxoek larunbatean ospatu zuten Nafarroako Bertso Eskolen Eguna. Doneztebeko zinema aretoak 80 gazte bildu zituen, besteak beste, Lesaka, Arantza, Igantzi, Doneztebe, Sunbilla, Baztan, Leitza, Altsasu, Iruñea, Barañain, Berriozar, Antsoain eta Atarrabiatik etorritakoak. Bertsoaren inguruan elkar ezagutzeko eta ikasturteari amaiera emateko festa izan zen larunbatekoa.

Goizean lehenik, 14 urte artekoen Eskolarteko Bertsolari Txapelketa jokatu zen. 15 taldetan bilduta, guztiek parte-hartzeko aukera izan zuten. Azkenean, Joanes Ilarregik, Xabat Ilarregik eta Oiher Altzelaik osatutako Leitzako taldeak lortu zuen lehen postua eta beraz, datorren ekainaren 22an Orion jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan Nafarroako ordezkari izango dira.

Nafarroako Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa ekitaldia egin zen ondotik. Bertso Eskoletako kideek parte-hartu dute eta ondokoak izan dira sarituak: LH 3-4.mailan Orti Arozena, LH 5-6.mailan Ekhiñe Zapiain, DBH 1-2.mailan Joanes Ilarregi eta Batxilergoan Mikel Lasarte.

Arratsaldean, topaketari amaiera emateko, gazteek prestatutako gai eta ariketekin Xabier Silveira eta Julen Zelaieta bertsolariekin bertso-saioa egin zen. Ikasleen partaidetza handia izan zuen saio honekin amaitu zen festa eguna.