Munduko kantu inprobisatuak, Donostian

2016/06/16
Uztailaren 11tik 16ra Europa bat-batean Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketa ospatuko da Donostian. Goizean jardunaldi akademikoak eskainiko dira eta arratsaldean emanaldiak. Amaitzeko, jaialdi handia izango da Kursaalen.

Munduko zazpi kantu inprobisatu ezberdin entzuteko eta beste hainbat ezagutzeko parada izango dugu uztailaren 11tik 16ra Donostian, Europa bat-bateanegitasmoaren baitan. Jardunaldi akademikoek eta emanaldiek osatzen dute topaketa; gainera, 2003ko Ahozko Inprobisazioa Munduan topaketari jaialdi handi batekin eman zitzaion amaiera, eta 2016ko Europa bat-bateanek ere hala biribilduko du egitasmoa. Kursaalen izango da azken hitzordu hori uztailaren 16an 19:00etatik aurrera. Aste guztian topaketan parte hartu duten inprobisatzaileak ariko dira bertan: Austriako, Galeseko, Katalan Herrietako, Kubako, Mexikoko eta Zipreko ordezkariak izango dira oholtza gainean, Euskal Herriko bertsolariekin batera. Sarrerak 15 euroren truke eskura daitezke www.bertsosarrerak.eus atarian, eta egunean bertan ere izango dira salgai leihatilan bertan, aurrez agortzen ez badira.

Kursaaleko jaialdiaren aurretik, aste guztian zehar emanaldiak izango dira Donostiako zenbait tokitan. Astelehenean portuko arranplan eskainiko da saioa; itsasoarekin harreman estua duten herrialdeetako inprobisatzaileak ariko dira. Asteartean DSS2016EUren egoitzara mugituko da oholtza eta asteazkenean, Tabakalerak hartuko du topaketa; munduko emakume inprobisatzaileen elkargunea izango da Uxue Alberdik gidatuko duen saioa. Ostegunean, Donostiako alde zaharrean izango da saioa, poteo formatuan, eta ostiralean ere jite bereko saioa eskainiko da Oñatiko kaleetan barrena. Atzerriko ordezkari ezberdinak ariko dira saio bakoitzean eta horietan lagun izango dituzte etxekoak: Manex Agirre,Miren AmurizaAmets ArzallusAndoni EgañaAne LabakaMaialen LujanbioAlaia Martin eta Julio SotoMaite Berriozabal eta Alaitz Rekondo ariko dira saioak aurkezten. Inprobisatzaileen jarduna jarraitu ahal izateko itzulpen zerbitzua eskainiko da, udaberriko saioetan egin den moduan.

Kursaaleko jaialdiaren antzera, portuan eta Tabakaleran egingo diren saioetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke: portukoa 10 euroren truke lor daiteke eta 15 euroan Tabakalerakoa eta Kursaalekoa. Gainerakoak doakoak dira.

Jardunaldi akademikoak goizean

Arratsaldeko emanaldiak modu xeheagoan ulertzeko gakoak eskainiko dizkigute goizeko jardunaldi akademikoek. Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:30era, Miramar Jauregian kokatuko da Europa bat-batean topaketa, UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan. Emanaldietan ikusiko ditugun kantu inprobisatuez gainera, adierazpide gehiago ezagutzeko aukera izango dugu, hala nola, Brasilgo ipar-ekialdean egiten dena edota Europako iparraldean kokatzen den Kareliakoa. Hitzaldiak jarraitu ahal izateko, itzulpen zerbitzua eskainiko da.

Jardunaldi akademikoetarako matrikula zabalik da uztailaren 6ra bitartewww.uik.eus atarian. Bost egunetarako 80 euroan eman daiteke izena eta egunekoa 25 euroren truke egin daiteke.

Hiru geltokiko egitasmoa

Mintzola Ahozko Lantegiak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuakantolatutako egitasmoa da Europa bat-batean. 2015eko udazkenean, 2016ko udaberrian eta urte bereko udan gauzatuko da, bidean hainbat erakunde, eragile eta boluntariorekin lan eginez.

Informazio osoa www.europabatbatean.eus atarian dago eskuragarri.

Iruñean, udaberriko saioetan. Argazkilaria: Conny Beyreuther. Iturria: XDZ