Martxoaren 6an zabalduko da Bertso Udalekuetan izena emateko epea

2023/02/24
Uda urruti dagoela iruditu arren, berehala helduko da eta horrekin batera baita Bertso Udalekuak ere. Bertso-eskolako kideentzat edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat zabalduko da lehenik izena emateko epea atari honetan. Martxoaren 6an goizeko 10:00etatik, martxoaren 20ko 12:00ak arte. Gainerako kideek martxoaren 24tik apirilaren 17ko 12:00etara izango dute aukera.

Urteroko hitzordua izaten da askorentzat Bertso Udalekuena. Aurtengoan ere adin desberdinetako gazteentzat antolatu ditu Bertso Udalekuak Bertsozale Elkarteak. Azken urtetan bezala, izen emateko lehentasuna izango dute bertso eskoletako ikasleek edo gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek (bazkide egiteko, sakatu hemen).

Izena ematea martxoaren 6ko 10:00etatik aurrera aktibatuko da webgune honetan. Izen-emate ordena eta lurralde aniztasuna aintzat hartuta txandak osatuko dira, eta maiatzaren 8rako erantzungo zaie izena eman duten guztiei udalekuetan parte hartzeko aukerarik ote duten.

Lau txanda

Amaiurren, Irañetan, Zuhatzan eta Larraulen izango dira Bertso Udalekuak. 9 eta 18 urte arteko gazteentzako udalekuak izango dira. Txanda bakoitza adin jakin bati zuzenduta dago.

  • Amaiurko aterpetxeak 16-18 urte arteko gazteak hartuko ditu, 2005-2007 artean jaiotakoak. Txanda hau uztailaren 8tik 17ra izango da.
  • Irañetako aterpetxeak 12 urtekoak hartuko ditu, 2011 urtean jaiotakoak. Uztailaren 18tik 24ra izango dira Sakanako herrian.
  • Zuhatzan 9-11 urteko gaztetxoak elkartuko dira, 2012-2014 urteetan jaiotakoak, uztailaren 24tik 28ra bitartean.
  • Larraulgo aterpetxean 13-15 urte artekoen udalekua izango da, 2008-2010 urteetan jaioak. Uztailaren 25etik 31ra izango da. 

Informazio guztia Bertso Udalekuen atalean duzue  (Hemen) eta izen emateko orria berriz hemen.

Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu Bertso Udalekuak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Irizarren laguntzarekin.

Amaiurren, Irañetan, Zuhatzan eta Larraulen izango dira aurtengo Bertso Udalekuak