Martxoaren 5ean egingo dugu Batzar Nagusia

2016/02/11
Bergaran da aurtengo hitzordua eta bazkide guztiak gonbidatuta zaudete.

Herrialdeetako bertsozale elkarteen batzarrak gauzatuta, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia egingo dugu martxoaren 5ean Bergaran.

Goizeko 11etan hasiko da Bergarako Irizar jauregian. Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariaren hitzek emango diote hasiera batzarrari. 2015. urteari errepasoa egingo diogu gero; urteko memoria eta balantze ekonomikoak aurkeztuko ditugu eta, ondoren, urte honetarako esku artean ditugun egitasmo nagusiak ezagutuko ditugu. Herrialde bakoitzak bere egoeraren berri emango du lehendakariaren ahotik eta, herrialdeen egoera ezagutu ostean, 2016rako egitasmoa sailez sail errepasatuko dugu. Batzarrarekin amaitzeko, 2016ko aurrekontua aurkeztu eta bozkatuko da.

Batzarraren ostean bazkaria egingo dugu; 14:00etan izango da. Bazkarira joan nahi duten bazkideek aurretik konfirmatu behar dute, 943 69 41 29 telefono zenbakian edo helbidean. Otsailaren 26a da bazkarian izena emateko azken eguna.

Herrialdeetako batzarrak

Dagoeneko Arabako eta Nafarroako elkarteek eginak dituzte haien batzarrak, eta otsailean gainerako herrialdeen txanda ailegatuko da.

Bertsularien Lagunak elkarteak otsailaren 27an du hitzordua, Senperen, goizeko 10etan hasita. Bizkaian eta Gipuzkoan ere egun bera aukeratu dute. Bizkaian Durangoko Plateruena Kafe Antzokian izango da, goizeko 11etatik aurrera. Batzarra amaituta, 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren ingurukoak aurreratuko zaizkiei hurbildutako bazkideei eta amaitzeko mokadu bat eskainiko da. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Amasa-Villabonako Subijana etxean egingo du urteroko batzarra goizeko 11etan hasita. Ondoren, bazkaria egingo da eta horretara joan ahal izateko bertako bazkideek hilaren 17a baino lehen eman behar dute izena Gipuzkoako Elkartean. 

Iaz Senperen egin zen Batzar Nagusia