Martxoaren 10ean egingo dugu Batzar Nagusia, Iruñean

2018/02/23
Lurralde bakoitzeko elkarteen batzarrak eginda, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearena egingo dugu martxoko bigarren larunbatean.

Iritsi da balantzeak eta aurreikuspenak egiteko garaia. Urtarriletik martxoaren hasierara bitarte lurraldeetako batzarrak egin ondotik, datorren martxoaren 10ean, 10:30ean hasita, Iruñeko Kondestablearen Jauregian egingo dugu Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia.

Batzarraren ostean bertaratutako bazkideon arteko bazkaria izango da. Bazkarira etortzeko asmoa duzuenok otsailaren 28rako eman behar duzue izena 943 69 41 29 zenbakira deituta edo helbidera idatzita.

Bizkaikoa, bihar

Lurraldeetan barreiatutako Bertsozale Elkarte gehienek egin dituzte beren batzarrak: urtarrilean egin genituen Arabakoa eta Nafarroakoa. Hitzorduak, gainera, bi lurraldeetako taldekako ekimenak aurkezteko baliatu ziren kasu batean zein bestean: Bertso Kuadrilla Artekoa eta Bardoak, alegia. Otsaila hasi bezain pronto egin zuten gipuzkoarrek hitzordua eta pasa den asteburuan Bertsularien Lagunak elkarteak. Asteburu honetan, bihar, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen batzarra izango da Igorren, 11:00etan hasita.

Laster arte.

Iruñeko Kondestablearen Jauregian izango da Batzar Nagusia. / XDZ