Martxan dugu egiturari buruzko partaidetza prozesua

2020/11/23
Martxoan abiatzekoa zen partaidetza prozesua ere eten zuen pandemiak, eta azaroan ekingo zaio berriro dinamikari.

Bertsozale Elkartearen egitura landu asmoz, parte-hartze moduak lantaldeetan, zuzendaritzetan eta batzar nagusietan aurkezten ari ginela hedatu zen COVID-19a Euskal Herrian. Hilabete gogor hauek eta gero, inoiz baino beharrezkoagoa izango da barrura begira jartzea eta gure lan prozedurak egokitzea. Horretarako, martxoan etendakoari ekin diogu berriro, eta azaroan abiatu dugu Bertsozale Elkartearen egituraren lanketarako partaidetza prozesua.

Tarte honetan ere ez gara geldirik egon, besteak beste, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen markoan sakonago murgiltzeko pausoak ematen hasi gara-eta.

Prozedura, zehaztuta

Bertsozale Elkartean horretarako sortutako taldeak diseinatu zuen egitekoa dugun prozesua, Farapi aholkularitzaren laguntzarekin. "Lanaren zati bat egina daukagu, lan guneak identifikatuta ditugulako" adierazi dute elkarteko koordinatzaileek.

"Gune bakoitzean diagnosia egitea da hurrengo lana: gune bakoitza elkartean nola kokatzen den eta nola funtzionatzen duen aztertuko dugu". Saio bakarrean egingo da hori, eta bigarren saio batean, funtzionamendu egokirako neurriak adostuko dira.

"Saioetan parte hartzeko aski izango dugu ariketa egiteko borondatea eta jarrera eraikitzailea", diote koordinatzaileek."Dinamizatzen arituko direnek Farapik eskainitako trebakuntza jaso dute, eta prest daude erraztaile lanak egiteko".

Zenbait gunek diagnosiaren faseari helduko diote datozen asteetan. Asmoa da diagnosiaren fasea urtarrilaren 31 baino lehen amaitzea eta apirilaren amaieran funtzionamendu egokirako neurriak adostuta izatea.

Baionan egin genuen elkarteko gogoetaren hitzorduetako bat. / XDZ