Markinako Bertso Eskolen Eguna "biharamuna" izatera iritsi zen

2013/10/08
Giro apartan ospatu zen larunbatean Beeeee Eguna, Euskal Herriko Bertso Eskolen topaketa. Markina-Xemeinen egin zen hirugarren edizioa, Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketarekin bat. Horrez gain, bertaratuek izan zuten zerekin disfrutatu. Hurrengo urtean beste bertso eskola batek hartuko du lekukoa.

Giroak etxeratzen uzten ez zuela ospatu zuten Bertso Eskolen Eguna larunbatean, igande goizera arte. Markinako bertso-eskola izan da festa eder hau egin izanaren "errudun" aurten.

Gaztetxea leporaino bete zen bazkaritarako orduan. Postrean Markinako bertso-eskolak imitazioekin algaraka jarri zituzten bertaratuak.

Arratsaldean Txapelketa Nagusiko kanporaketa saioa aditzera joan ziren.

Irteeran, Ondarruko Andrabanda feminista zuten atean zain, danbor erritmoaz, poteoari ekin zioten, eta antzerki esketxak ez ziren falta izan.

Gauean berriz ere gaztetxea bete zen, “Bi Bala”-ren bertso musikatuak aditzeko: Iñaki Gurrutxagak, Aitzol Barandiaranek eta Julen Goikoetxeak tirokatu zituzten egiak.

Horren ostean Fan&Go erromeriak dantzan jarri zituen denak. Lotara inor gutxi erretiratu zen goizak harrapatu aurretik.

Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguna beste herriren batean izango da datorren urtean, bertso eskola batek laugarren edizioa antolatzeko erronkari helduko dio.