Manresako Fira jardunaldietan izango da Bertsozale Elkartea

2017/09/29
Herri kulturak hezkuntzan duen presentziari buruzko mahai-inguru batean hartuko du parte elkarteak, bertsolaritza ezagutarazteko ikastetxeetan abian den egitasmoa azalduz.

Urriaren 5ean eta 6an ospatuko dira Manresan (Bartzelona) Fira Mediterrània jardunaldiak. Kultur sektorearen inguruko esperientzia ezberdinak plazaratuz, kulturgintzaren beraren inguruko gogoeta sustatzen dute jardunaldiek; nazioarteko parte hartzaileekin, aurkezpen, hitzaldi eta mahai-inguruek osatzen dute bi egunetako egitaraua.

Lehen egunean, datorren ostegunean, herri kulturak ikastetxeetan duen presentziaren inguruko mahai-inguru batean hartuko du parte Karlos Aizpuruak Bertsozale Elkartearen izenean. Bertsolaritzaz gain, dantzarekin, Katalunian ohiko diren Cases de la Festa kulturguneekin, eta Ball Parlat Kataluniako herri antzerkiarekin izandako esperientziak ezagutaraziko dira.

Karlos Aizpurua izango da Manresako jardunaldietan.