Maialen Lujanbioren bertso ibilbidea, igandean, ETB1en

2020/05/14
Amaitu berri den Hitzetik Hortzerako denboraldian egin genuen hernaniarraren inguruko saioa berreskuratuko dugu. Ohi bezala, 15:00etan, Euskal Telebistako lehenean.

Ia 30 urte bete ditu plazaz plaza kantuan, eta egindako ibilbide, mugarri eta asmoen inguruan ariko zaigu Maialen Lujanbio igande honetan ETB1en. Amaitu berri den Hitzetik Hortzerako denboraldian eskaini genuen saio hau, eta hernaniarrarekin izandako solasaldia eta pantailara ekarritako bertso bilduma berreskuratuko ditugu asteburuan, ohiko hitzorduan; 15:00etan.

Pentsatu eta diseinatu gabe egindako bidea

"Egindako bidearen oroimen ederra daukat, lagunekin egin dut eta mugimendu eder baten parte sentitzen naiz". Hiru hamarkadako ibilbidean izandako mugarri artistikoei eta ideologikoei buruz aritu zen solasean orduko hartan Maialen Lujanbio,  Eider Perez Hitzetik Hortzerako aurkezlea solaskide zuela; baita hartu izan dituen erabaki, egindako ahalegin eta bizi izan duen inguruari buruz. Bat-batekotasunak dauzkan baldintza estuetatik ihes egiten uzten dioten proiektu pausatuek zer ematen dioten kontatu zuen eta kontatuko digu igandean berreskuratuko dugun saioan.

1992. urtean Hondarribian egin zuen Maialen Lujanbiok bere lehen plaza bertako emakume taldeak bultzatuta: "Niretzat oso garrantzitsua izan da Hondarribia eta bertako emakume taldea". Lehen plaza hartatik gaur egunera arte bertsolari bezala emandako teorizazio mailaren garatze prozesuan murgilduko gaitu igandeko saioan: "Teorizaziora esperientziatik iritsi naiz". Hein handi batean gizon artean ibilitako bide honetan izan dituen ezaugarriez galdetu, eta, noski, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan egindako ibilbide oparoari ere egingo zaio tartea: "2001eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian aurrerapauso bat eman nuen".

Igandean, 15:00etan, ETB1en, hitzordua daukagu bertsolaritzarekin eta Maialen Lujanbiorekin.

Igandean hitzordua daukagu bertsolaritzarekin eta Maialen Lujanbiorekin.