Lau saiotako bertsoaldiak, aste honetan Bertsoan

2018/10/22
Zaldibiako Zapi Janztea, Pello Errota Sariketako finala, Aramaioko Kopla Txapelketa eta Bizkaiko txapelketako hirugarren kanporaketa izango ditu protagonista sareko plazak.

Bere izenari men eginez, bertsoaldi sorta ederra ekarriko du Bertsoa.eus atariak aste honetan. Hainbat plazatan ibili dira kamerak eta bildutako ale horien hautaketa eskura izango du bertsozaleak: Zaldibiako Zapi Janztea, Asteasun egindako Pello Errota Sariketako finala, Aramaioko Kopla Txapelketa eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketa, Amorebieta-Etxanon jokatu dena.

Bizkaiko txapelketaz gainera, Xilaba taldekakoa ere martxan da eta hari ere adi jarraitzen dio Bertsoa.eus atariak. Eta, noski, plazetako ohiko saioen agendari ere egingo dio tartea.

Bertsoa.eus atarira sartu nahi?

Aramaioko Kopla Txapelketako hautaketa, ikusgai eta entzungai.