Larunbatean izango da XXX. Eskolarteko finala

2018/06/05
Sarak hartuko du aurten ere Euskal Herriko gazte bertsolari eta zaleen festa. Zazpi lurraldeetako 13 bertsolari ariko dira kantuan, eta beste horrenbeste agertuko dira Lapurdiko udalerrira, egitasmoaren urteurren biribila ospatzera.

[INFORMAZIO ORRIA DESKARGATU]

Hogeita hamar beteko ditu aurten Euskal Herriko Eskolarteko bat-bateko Txapelketak. 1989. urtean jokatu zen lehen aldiz Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan; ordurako egiten ziren herrialdeetako eskolartekoak baina urte horretan gauzatu zen Euskal Herri osoa hartu zuen lehenengoa, Ikastolen Elkartearen eskutik. Bertsolaritzaren harrobia izateko sortu zen egitasmoa eta Bertsolaritzaren Datu-Basean kontsulta daitekeen lehen edizioko parte-hartzaile zerrendari erreparatuta zeregina ongi bete duela ondoriozta daiteke.

Urteroko ezinbesteko hitzordua bihurtu da. Izaera ibiltaria du baina aurten iazko geldialdia errepikatu eta Saran izango da bertsolarien eta, oro har, bertsozale gazteen festa handia. Bat-bateko txapelketak abiatuko du eguna eta bazkariak eta haren ondoko ikuskizunak emango dio jarraipena.

Bazkarirako txartelak oraindik eskura daitezke www.bertsosarrerak.eus atarian. Hemen dituzu!

Sarako trinketean izango da bat-bateko finala, 11:00etatik aurrera. Zazpi lurraldeetako eta 15-18 urte bitarteko hamahiru bertsolari gaztek hartuko dute parte: Arabatik, Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002) eta Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001); Baxenabarretik, Elixabet Etxandi Goyenetche (Izpura, 2000) eta Julen Etxeberri Etxart (Zaro, 2001); Bizkaitik, Gorka Pagonabarraga Agorria (Durango, 2000) eta Iruri Altzerreka Martinez (Garai, 2000); Gipuzkoatik, Oihana Arana Kardenal (Eskoriatza, 2001) eta Aner Peritz Manterola "Euzkitze" (Zarautz, 2002); Lapurditik, Hodei Renteria Maleta (Angelu 2000) eta Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001); Nafarroatik, Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001) eta Ekiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002); eta Zuberoatik, Haritz Capot Thornary (Zalgize, 2001).

Bi atal izango ditu saioak. Hasierako agurraren ondotik, binaka ariko dira zortziko handian zein txikian; eta gero, puntuazioz sailkatutako lehen seirek bakarkako ariketak egingo dituzte. Egitasmoaren 30.urteurrena tarteko, Mikel Mendizabal bertsolari eta Ikastolen Elkartean bertsolaritza sustatzaile arduratan aritu denak jantziko dio txapela irabazleari.

Saioa amaituta, ospakizunetan ohi denez, mahai bueltan jarraituko du festak: bazkaria izango da Sarako Lur Berri gelan 14:00etan Idokiren eskutik, eta, ondoren, Saran'ga txarangaren doinuek eutsiko diote festaren txinpartari. Otordurako txartelak eskuragai daude oraindik www.bertsosarrerak.eus atarian, beraz, mugi!

Laster ikusiko dugu elkar...larunbatera arte!

Xehetasun gehiago, hemen.