Kantu inprobisatuaren jardunaldiak izango dira Leonen irailaren 25ean eta 26an

2015/09/18
Bigarren jardunaldi bat ere izango da Bartzelonan, azaroaren 6tik 8ra.

Ahozko kantu inprobisatuaren adiera ezberdinak erakutsi asmoz Kanariar Uharteko, Galiziako eta Euskal Herriko ahozko kantu inprobisatzaileen topaketa antolatu dugu Leonen irailaren 25 eta 26rako, hainbat erakundek elkarlanean: Fundación Cerezales Antonio y CiniakFundación Sierra PambleykDonostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak eta Mintzola Fundazioak.

Europa bat-batean. Territorio Archivo Activación 11: Itinerarios de la cultura oral jardunaldiak Leongo Cerezales del Condadon eta Leongo hiriburuan bertan egingo dira iraileko azken asteburuan. Kanariar Uharteko verseadoreak, Galiziako regueifeiroak eta Euskal Herriko bertsolariak bilduko dira bietan. Euskal ordezkariei dagokionez, Maialen Lujanbio eta Ane Labaka ariko dira bertsotan, Itxaso Paia gai-jartzaile lanetan eta Karlos Aizpuruak itzultzaile lanak egingo ditu.

Kantu inprobisatuaren bi emanaldik eta Bertsolari filmaren trailerraren proiekzioarekin abiaraziko den mahai-inguruak mamituko dituzte jardunaldiok.

Kulturartea, Mintzolaren zutabe nagusienetako bat

Kulturartean egiten duten lanari beste atal bat idazteko abagune interesgarri iritzi dio Mintzolak jardunaldi hauek antolatzeari. Izan ere, badira hogei urte bertsolariak nazioartera salto egin eta kantu inprobisatua duten beste kulturetako inprobisatzaileekin abestu eta topaketak egiten dituztela.

2003ko topaketak. Yerai Rodriguez

2003an Ahozko inprobisazioa munduan izeneko nazioarteko topaketa egin zen Donostian Bertsozale Elkarteak antolatuta. Lau kontinente eta hamaika herritako kideak etorri ziren gurera. Elkar ezagutzeko, elkarrengandik ikasteko eta bat-batekoari buruzko kontzientzia hartzeko pizgarri izan zen. Aberasgarria oso. Ordudanik beste hamaika topaketetan parte hartu du Elkarteak munduko hainbat txokotan: Galizia, Sardinia, Mexiko…

Kulturartea eta Europa bat-batean hurbiletik jarraitzeko aukera, www.mintzola.eus atarian.

2003an Donostian burutu zen topaketa (Argazkilaria: Conny Beyreuther. Bertsolari Aldizkaria / XDZ)