Kantaera izango da bertsotarako eta solaserako mami ostegunean

2021/05/04
"Gauzkaten Eztarri Lerratuak" saioarekin hasiko dugu Gerturatu eta Lau ekimena. Donostiako Larratxo Kultur Etxean izango da saioa, 18:30etik aurrera. Sarrera doakoa da, baina aurretik izena eman behar da webgune honetan bertan.

Kantaera. Kantatzeko modua. Ahotsa melodiaz janzterakoan zein dira barruko arropatzat eta galakotzat izendatzeko irizpideak? Kantaeran, ahotsaz gain, zeresan handia dute tonuak, melodiak, posturak, kokalekuak, abiadurak, testuinguruak... Horiek denak indibidualki edota kolektiboki definitzen dira, konszienteki edo inkonszienteki bada ere. Zergatik dauka ariketa bakoitzak tonu eta melodia "egoki" bat? Zerk eta zergatik "funtzionatzen" du non? Kantaerak botere-harremanik eragiten al du?

Kantaeran jarriko dugu arreta Gerturatu Eta Lau ekimeneko lehen saioan: Gauzkaten Eztarri Lerratuak. Maiatzaren 6an, ostegunean, izango da saioa 18:30ean hasita, Donostiako Larratxo Kultur Etxean. Etxahun LekueHaizea Arana, Maddi Ane Txoperena eta Maialen Lujanbio ariko dira bertsotan. Sarrera doakoa da, baina aurretik izena eman behar da webgune honetako izen-emate orrian: hementxe.

Bertsolariak ariko dira kantuan, baina zaleak ere izango du zeresanik: ohiko bertso saioari ekarpenak egiteko tartea ere gehitu nahi baitzaio, ikus-entzuleek ere parte hartuta. Guztion artean osatuko da, beraz, saioa.

Gorde lekua osteguneko saiorako!

Bertsozale Elkarteak, ohiko bertso plaza indartzeaz gain, proposamen berritzaileak ere jarri nahi ditu abian: horietako bat, Gerturatu eta Lau ekimena.

Beste hiru datozen egunetan

Lau gai, lau saio. Ostegunekoaren ondotik, beste hiru izango dira: maiatzaren 11n, Bilbon; 18an, Gasteizen; eta 25ean, Zarautzen. Horietarako guztietarako sarrera doakoa izango da, baina izena eman behar da dagokion izen-emate orria beteta: hemen topatuko dituzu.

Gure Esku Legoke, Gorputzak Esango Luke eta Gaur Edozertarako Libre saioetan, entzuleen erabakimena, bertsoaren testua eta gorputza eta bertsolarien erabakimena izango dira mami.