Kalean da urriko BertsoZalea berripapera

2017/10/11
Nafarroan lehen aldiz abian jarri berri den Bertsokabi Sariketak hartu du berripaperaren azala. Ikasturte hasierak, Nafarroan bertsolaritzari aitortu zaion Kultur Intereseko Ondasunaren izendapenak eta ikerketa soziologikoak osatu dute hilabete honetako berripapera.

Aurreko astearen amaieran edota aste honen hasieran iritsi zaie Bertsozale Elkarteko bazkideei urriko BertsoZalea berripapera.

Hilabete honetan bertan hasi berri den Bertsokabi Sariketak hartu du alearen lehen orria. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Iruñerriko gazteak bertsozaletzeko eremu horretan abiatutako sariketa da eta haren inguruko xehetasunak topa daitezke berripaperean.

Irailean uda nekez atzean utzita, ikasturte berriari neurria hartzeko garaia izaten da urria ikasgelan. Ohiko ikastetxeetan zein bertso eskoletan bertsolaritza irakasle eta ikasleak martxan direla gogoraraztera dator BertsoZalea. Bestalde, udazkenean Nafarroako Gobernuak bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatuko duela jakin dugu eta horren ingurukoak ere badakartza aleak. 

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren baitan ikerketa soziologikoa gauzatzen ari dira Mintzola Ahozko Lantegia eta UPV/EHU elkarlanean eta egitasmoaren mamia ezagutzeko abagune ederra eskaintzen du urriko berripaperak. 

Eta nola ez, poto-finixa, koplak, puntua jarrita... guzti-guztia gozagai, urriko BertsoZalean!

Bertsokabi Sariketaren xehetasunak, BertsoZalean.