Jon Lopategiri bertsoak, sareko plazan

2019/02/12
Bertsolari muxikarrari azken agurrean botatako bertsoak zein asteburuan saioetan entzundakoak bildu ditu Bertsoa.eus atariak.

Ostegun gauean joan zitzaigun bertsolaritzan oro har eta haren transmisioan bereziki ekarpen handia egindako Jon Lopategi. Larunbatean egin zitzaion azken agurra eta hainbat bertsolari eta eragile elkartu ziren; kantuan agurtu ziren asko, nola ez. Bertaratutakoen hitzak bildu, bertsoak jaso eta asteburuan izandako saioetan muxikarrari eskainitako bertsoak ekarri ditu sareko plazak.

Bestalde, hilabete hasieran egin diren Senpereko eta Pasai Donibaneko bertso jaialdiak izango ditugu gozagai; baita Arabako eta Nafarroako Bertsolari Txapelketako bertsoaldien hautaketa ere.

Txapelketon jarraipena, agenda, Hitzetik Hortzeraren iragarpena eta beste hamaika kontu ere izango dira Bertsoa.eus atarian aste honetan.

Jon Lopategiri buruz aritu zaizkigu hainbat bertsolari eta eragile.