Jon Lopategi gogoan, azken Hitzetik Hortzeran

2019/04/04
Igande honetan agurtuko du bertsolaritza saioa udazkenera arte. Astez aste mapa zabala osatu dugu, hainbat kolore, doinu, historia eta iritzi jasoz. Denboraldi honek kendu ere egin digu: Jon Lopategi joan zaigu aurtengo urtearen hasieran. Horregatik, berari eskainiko diogu udaberriko azken atala.

Atal berezia izango du Hitzetik Hortzerak igandekoa; 2018-2019 denboraldia amaitu ez ezik, bertsolaritzari horrenbeste eman dion Jon Lopategiren inguruko saioa izango baita.

Duela 85 urte Muxikako Aldori baserrian jaio zen Jon Lopategi Lauzirika. Oso gaztetatik gerturatu zen bertsogintzara eta euskalgintzara. Tolosako Sakramentinoetan ikasi zuen gazte garaian, eta han ere euskaldun abertzalez inguratu zen. Herriko Santa Kurtzeko jaietan egin zuen bertsotan lehen aldiz jendaurrean.

Belaunaldiz belaunaldi, bertsozaletzen

Frankismo garaian, Jon Lopategik, askotan Jon Azpillaga lagun zuela, txoko guztietara zabaldu zituen mezu politikoak bertsogintza soziala eginez. Igandeko programara Azpillagari eta Lopategiri duela urte batzuk egindako elkarrizketa zati bat ekarriko dugu. Garaiko bertsoaldiak ikusteko aukera ere izango dugu, baita 70. hamarkadan Alemaniako telebista batek egindako grabazio bat ere: kantuan agertzen dira, besteak beste, Jon Lopategi eta Jon Enbeita.

Zehazki, Jon Enbeitarekin berarekin eta Xabier Amurizarekin elkartuko gara Muxikan. Enbeita Lopategirekin elkartzen zen Garriko bertso eskolan, eta orduko oroitzapenak kontatuko dizkigu; Amurizak eta Lopategik plaza askotan jardun izan zuten elkarrekin kantari. Nolako bertsolaria ote zen? Haien ahotik ez ezik, Lopategi bera ere entzungo dugu bertsotan, noski.

2019-04-06 HH_JLopategi

Bertsolaritza irakasten eta gazteak zaletzen ere lan eskerga egindakoa da Lopategi. Bere jarduna ez zen eskolak ematera mugatzen; gazteak herri batetik bestera eramaten zituen kantura, eta asteburu pasak ere antolatu zituen beraientzat. Horietako zenbait, Kanpantxun, Gernika-Lumon. Igandeko programan bertara joango gara eta han bere ikasle izandako zenbaitekin elkartuko gara. Iratxe Ibarrak eta Onintza Enbeitak orduko oroitzapenak kontatuko dizkigute. Gainera, bere ikasle izandakoek prestatu zioten omenaldi berezi bat ekarriko dugu pantailara.

Igandean, 15:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera, EITB Nahieranen.

Jon Enbeita eta Xabier Amuriza, Eider Perezekin. / XDZ