Ireki da bertso-eskola feministetan izena emateko epea

2019/09/09
Ahalduntze Bertso Eskolaren bosgarren ikasturtea izango da eta Gizonezkoen Bertso Eskola Feminista aurten hasiko da bidea urratzen. Irailaren 20ra arte eman ahal izango da izena edota taldea osatu arte.

Ikasturtearen hasiera izango da askorentzako gaurko eguna. Bertsozale Elkarteak sustatutako bi bertso eskola feministetan izena emateko epea ere gaur ireki da, 8:00etan: bosgarren ikasturtea duen Ahalduntze Bertso Eskola eta aurten bidea urratzen hasiko den Gizonezkoen Bertso Eskola Feminista.

Hainbat gizonezko bertsolarik aipatu izan dute feminismoa lantzeko espazio baten beharra. Bertsolari gizonezkoei feminismoari buruzko oinarri teorikoa eskainiko zaie Gizonezkoen Bertso Eskola Feministan: talde dinamikak nahiz adituen edota arituen ekarpenak izango dituzte bertsolariek saioz saio, eta gogoetarako eta esperientziak partekatzeko espazioa egituratu nahi da; bertsotan egiteko espazio bat ere izan nahi du bertso-eskolak. Arkaitz Goikoetxea eta Iker Iriarte ariko dira saioen gidaritzan. Hemen dago egutegia ikusgai.

Halaber, Ahalduntze Bertso Eskola antolatu dugu bosgarren urtez. Ikasturte honetan pauso berri bat ematera goaz: plazarako trebatu nahi duten emakume gai-jartzaileentzako ere eskainiko da Ahalduntze Bertso Eskola. Gidaritza lanetan Ainhoa Aranburu eta Maite Berriozabal ariko dira. Hemen ikasturteko egutegia.

Urrian hasi eta ekainera bitarte izango dira eskolak; hilean behin elkartuko dira talde batekoak zein bestekoak, larunbat goizez, Amasa-Villabonako Subijana etxean. Webgune honetan eman ahal izango da izena, horretarako egokitutako izen-emate orriak beteta:

  • Ahalduntze Bertso Eskola: eman izena hemen! (itxita)
  • Gizonezkoen Bertso Eskola Feminista: eman izena hemen! (Itxita)

Bertsozale Elkarteak azken urtean egindako Gogoeta Estrategikoan azaleratu da pedagogia feminista lantzen jarraitzeko beharra eta helburu hori dute bi eskolek.

Aniztasuna, esperimentazioa eta konpromisoa

Orain 4 urte abiatu zen, 2015-2016 ikasturtean, Ahalduntze Bertso Eskola. 26 bertsolarik hartu dute parte orain arte, eta gai-jartzaile lanetan Ainhoa Aranburu eta Arkaitz Goikoetxea aritu dira. Egitasmo honen sorrera bertso munduko emakumeen bi topaketei esker etorri zen: 2013an, Artaunsoroko topaketan, emakume bertsolariek oholtzan jarduteko zituzten zailtasunak bistaratu ziren, eta, 2014an, Azkizuko topaketan, egoera horri erantzuteko lanketa gune bat sortzeko beharra azpimarratu zen.

Eta hala sortu zuen Bertsozale Elkarteak Ahalduntze Bertso Eskola; emakume bertsolarien parte hartzearekin diseinatu zen.

Sorreratik, bertso eskola honek hiru oinarri izan ditu, eta hala izango ditu Gizonezkoen Bertso Eskola Feministak ere: aniztasuna –adin, bertso maila, izaera, zein feminismoko ikuspegien arteko aniztasunari leku egitea. Horretarako, ahalegintzen gara zaintza talde dinamikaren oinarrian jartzen; zaintzaz ikasteko gune bat da-; konpromisoa -bertso eskolan parte hartzeko eskatzen den baldintza bakarra da; ikasturtean zehar saioetara etorri eta bat-batean jarduteko jarrera hartzea-; eta esperimentazioa -ikasteko gune bat da, etengabeko bilakaeran ari dena, mugimenduan. Metodologia ere egokitzen joaten gara-.

Hilean behin izango dira eskolak, larunbat goizez. / XDZ