Oihane Perea, Gabi de la Maza eta Oskar Estanga "Ahoa bete hots" jardunaldietan

2013/07/04
"Hitza jolas" hartuta bigarren lan saioa izan da gaur Villabonako Subijana etxean.

Hitza jostailu bertso eskolan

Oihane Perea (Gasteiz, 1977) bertsolaria Arabako egungo txapelduna izateaz gain Arabako Bertsozale Elkarteko irakasle eta eragilea da egun eta bertso eskoletan, bertso udalekuetan eta barnetegietan haur eta gaztetxoekin esperientzia handia izan du. Gaurko saioan Euskal Herri osoko bertso eskoletan jasotako jolas batzuk azaldu ditu, ezagutu, praktikatu eta hausnartzeko.

Kantu Jolasa: karaokeen prestaketa

Gabi de la Maza (Gorliz, 1956) azken 33 urteotan irakasle aritu da lehen hezkuntzan eta Plentziako Euskal Girotze barnetegiko begirale-zuzendaria da. Barnetegiak girotzeko oso garrantzitsua izan da kantua eta horrek lehen euskal karaokera ekoiztera eraman zuen 2005. urtean. Geroztik 19 milioi bisita baino gehiago izan ditu berak sortutako youtube kanalak. 800 euskal kantek osatzen dute egun http://www.youtube.com/txantxangorria kanalaren bilduma. Karaokeak prestatzeko erabiltzen dituen programak erabiltzen irakatsi die jardunaldiotan parte hartzen ari diren ikasleei: Karafun programa; Format factory (Audio eta bideo konbertsorea); Atube catcher (Youtubetik bideoak jaisteko moduak) eta Youtube eta esteka interesgarriak.

Kantuan: gorputz eta arimarekin jolasean

Oskar Estanga Ezkurdia (Gaintza, 1978) irakasle-eskola musikalean diplomatua da. Kantaldi parte hartzaileetan dinamizatzaile eta Nafarroko Kantuzale Elkartean lanean aritua. Bertsolaria ere bada, bat-batean bertsoa eta musika proiektuko sustatzailea, batukada irakaslea, umeen antzerkilari, bertso udalekuetan grabaketen arduradun... Tailer praktikoa dinamizatu du kantua lantzeko jolasak, gorputza eta kantatzeari buruzko ariketak...

Bihar izango dute jarraipena jardunaldiek. Hitzarekin jolasean jarraituko dugu baina antzerkiaren ikuspegitik. Debaju panpin laborategiko Ainara Gurrutxaga eta Urko Rekondo eta Donostiako Arte Eszenikoen Tailerreko irakaslea den Eñaut Gantxegiren tailerrak izango dira.

Oihane Perea jolasak azaltzen