Ikertuz aurrera eginez

2020/12/03
Mintzola Ahozko Lantegiaren bitartez eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren baliabideekin bideratzen du Bertsozale Elkarteak bere ikerketa bidea. Beñat Gaztelumendi Arandiak eta Miren Artetxe Sarasolak azaldu dute "Bertsozale Elkartea gero(r)a mugitzen" aldizkarian, eta blogean berreskuratu dugu.

"Ikerkuntza eta formazio jarraitua egin eta eragin". Horixe Bertsozale Elkartearen 2006ko gogoeta estrategikoan Ikerkuntza sailari jarritako lehendabiziko helburua. Hamabi urteko zikloan, sendotasun handia hartu du sailak, eta, Mintzola Ahozko Lantegian egindako lanari eta sortutako aliantzei esker, zikloa bukatzerako ikerketa asko jarri ditugu martxan: bai ikerketa monografikoak, bai gradu bukaerako lanak eta baita doktoretza tesiak ere. Eta egin ere bai, Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoa tartean. Bertsolaritza unibertsitatera iritsi da, bertsolaritza bera helburu izanik (bertsogintzaren inguruan martxan dauden ikerketetan) eta baita bertsolaritzaren bidez beste hainbat esparru ikertzeko helburuz ere (garunaren funtzionamendua edo euskal kultura, adibidez).

"Ezagutza hori elkarrekin lantzeko espazio eta moduak sortzen jarraitzea dagokigu datozen hamabi urteotan, argitalpenen, ikastaroen, jardunaldien edo sormen ekintzen bidez"

2018ko gogoeta estrategikoari beste talaia batekin heldu genion, eta helburuak egoera berrira egokitu ditugu. Ikerketak martxan jarri ditugu, bai, baina ikerketa, guretzat, aurrera begiratzeko tresna bat da. Ikerketetan metatutako ezagutza bertsolaritza sormen diziplina eta gizarte mugimendu gisa garatzeko baliatzea izango da datozen hamabi urteotako helburua. Dena den, bertsolaritzaren inguruko ezagutza ez dugu unibertsitate mailako ikerketetan soilik ekoizten: bertsolariek banaka zein espazio konpartituetan ekoizten dute ezagutza, bertsolaritzaren inguruko eragileek ere bai, eta, noski, baita gure gizarte mugimenduaren eguneroko lanean ere. Ezagutza hori elkarrekin lantzeko espazio eta moduak sortzen jarraitzea dagokigu datozen hamabi urteotan, argitalpenen, ikastaroen, jardunaldien edo sormen ekintzen bidez, azken urteotan Mintzolako mintegien, UPV/EHUko Uda Ikastaroen edota Bertsolamintza jardunaldien bidez egin dugun moduan.

Eta, jakina, espazio horiek bertsolaritzatik harago ere garatzeko aukera daukagu gaur gaurkoz Mintzola Ahozko Lantegian. Bestelako kultur sorkuntzekin lanean eta esperimentatzen aritzeko espazioak zabalduz bertsolaritza mugimendu eta kultur diziplina gisa garatzea dugu helburua, etorkizunerako ildo berriak zabalduz.