Ikasturte berrirako erronka berrien bila?

2022/09/05
Ikerketa Proiektu Sari bat eta GRAL Sari bat ditugu banatzeko UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean deitu ditugun deialdietan. Urriaren 18ra arte aurkez daitezke proiektuak edota lanak.

Udan aurkeztutako ikerketa deialdietan parte hartzeko epeak dagoeneko egin du erdibidea. Uztailaren 18an iragarri genituen UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Bertsozale Elkarteak aurtengorako antolatu ditugun bi ikerketa deialdi: Ikerketa Proiektu Sari bat eta GRAL Sari bat ditugu banatzeko. Orduan ireki zen proiektuak edota ikerlanak aurkezteko epea, eta urriaren 18an amaituko da.

Azken urteotan Mintzola Ahozko Lantegiaren bidez urratutako elkarlanari jarraipena emango diote, honenbestez, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Bertsozale Elkarteak.

Ikerketa Proiektu Saria oraindik egin gabeko ikerketentzat da; hau da, epaimahaiak jasotzen direnen artean ikerketa proposamen aproposena aukeratu eta hori urtebeteko epean gauzatzeko 2.500 euroko dirulaguntza jasoko du ikertzaileak. GRAL Saria, bestalde, jada amaituta eta defentsa egina duten Gradu Amaierako Lanentzat da: 2019-2020, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan defentsa egina duten Gradu Amaierako Lanak onartuko dira. Lan aukeratuaren ikertzaileak 600 euroko saria eskuratuko du.

Proiektu nahiz Gradu Amaierako Lanen kasuan, bertsolaritza izan behar da ikergai nagusia, baina, hori bai, edozein jakintza alorretatik abiatuta: antropologia, robotika, hizkuntzalaritza...

Ikasturte berrirako erronka berrien bila bazabiltza, beraz, hau izan daiteke aukera egokia.

Informazio gehiago topatuko duzu ondorengo lotura hauetan:

UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak ikerketa deialdi gehiago ere egiten ditu, Bertsozale Elkartearekin egin dituen hauetaz harago. Horien inguruko informazioa ere topa dezakezu katedraren webgunean.

Urriaren 18ra arte aurkez daitezke proiektuak eta lanak. / XDZ