Ikasturte amaierako jaialdiak Euskal Herri osoan

2016/05/05
Ekaina hurbiltzearekin batera, ikasturte osoan zehar bertsolaritza proiektua jaso duten gaztetxoei ere oporrak hartzeko garaia iritsi zaie. Herrialde guztietan ikasturte amaierako jaialdi ugari antolatu dituzte.
Ikasturteari agur esateko 16 bertso topaketa egingo dituzte Bizkaian. Herri mailako topaketak izaten dira eta horietan ikasleak bertsotan aritzen dira, ikasgelan prestaturiko bertsoak eginez. Horrez gain, bertso saioa eta Lorea Zulaikarekin kantaldia ere egiten dituzte. Bizkaiko ikastetxeetan kantaldiak egiten ari dira otsailetik; 60 inguru egingo dituzte osotara.
Gipuzkoan 78 jaialdi izango dira eta Nafarroan 14. Araban, Eskolartekoari loturik egiten dituzte topaketa hauek; herrika edo eskualdeka egiten dira eta guztira 9 topaketa izango dituzte.
Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko ikasleentzat ere egitarau zabala prestatu dute ikasturteko azken txanpa honetan. Seaskako ikastolekin batera hiru Bertsulari Ttiki Egunak antolatu dituzte Larresoron, Hendaian eta Aiziritzen. Haurrekin batera Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Battitt Crouspeyre eta Maddi Sarasua bertsolariak ariko dira, Oskar Estangaren musikaren laguntzaz.Horrez gain, Hego Lapurdiko Hiriguneko eskolako eta kolegioko haurrekin beste hiru jaialdi antolatu dituzte maiatzean. Bertan, Amets Arzallus eta Sustrai Colina bertsolariak izango dira, Oskar Estangarekin musikak lagunduta. Halaber, Donibane Lohitzuneko Saint Marie eskolako haurrekin ikasturte amaierarako besta egun bat antolatu dute.

Jaialdi ugari egiten dira Euskal Herri osoan zehar.