Ikasmaterialaren sormen fabrikan

2022/05/25
"Bertsozale Elkarteko 50 irakasleak dira, talde lanean, materiala sortzen dutenak. Gelan haurrekin zerk funtzionatzen duen zuzenean frogatzen duen irakaslea bera da, hortaz, bihar baliatuko duen materiala sortzen duena, lehen eskutik". Ixiar Eizagirre Kerejeta arduratzen da Bertsozale Elkarteko hezkuntza materiala koordinatzeaz.

Bertsozale Elkartean bertsotarako material didaktikoa sortzen ari gara, urtez urte.

Gure sormen fabrikan zirkuitua montatuta dugu, pieza (galantak!) konbinatuz: 

Bertsozale Elkarteko 50 irakasleak dira, talde lanean, materiala sortzen dutenak. Gelan haurrekin zerk funtzionatzen duen zuzenean frogatzen duen irakaslea bera da, hortaz, bihar baliatuko duen materiala sortzen duena, lehen eskutik. Eta taldean egiteko aukera du gainera, herrialdeka antolatuta ditugun irakasle mintegien bidez. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdi-Baxenabarre-Zuberoako irakasle mintegiak artikulatuta gaude: mintegi bakoitzeko pedagogia arduradunak elkartzen baikara Batzorde Pedagogikoan, elkarrekin materialaren oinarrizko diseinua egiteko eta lantaldeak koordinatzeko.

Engranajean beste pieza gakoa, bertsolariak dira. Haurrekin landu nahi ditugun gaietan eta mezuetan guk zer behar, huraxe bertsotan argi bezain eder jartzeko abilezia dutenak; gure luxuzko kolaboratzaileak! Bertso sortak musikatu egiten dituzte Oskar Estangarekin, eta Malen Amenabar arduratzen da ilustrazioekin edertzeaz. Bertsolarien enkarguzko sorkuntza lan hauek urregorria dira, haurrek bertsoez gozatu, doinuak ikasi eta bertsolari erreferenteak izan ditzaten. 

2021-2022 ikasturtean 511 ikastetxetan aritu dira Bertsozale Elkarteko 50 irakasleak, gelaz gela, 29.970 ikasle bertsozaletzen. 

Engranaje honekintxe ari gara, urtez urte, ikasmateriala sortzen. Etenik gabe, eta denboraren poderioz, bidea egiten ari gara. Egun, elkarren osagarri diren euskarriak edo formatuak konbinatzen ari gara: www.bertsoikasgela.eus atarian daude baliabide guztiak eskura, formatu digitalean. Horrez gain, bertsolaritza irakasleak gelara eramateko karta jokoak ditugu, haurrek bat-batean jarduteko unean makuluak edo heldulekuak eskaintzen dituztenak. Eta nahi duten ikastetxeek ikasle-liburuak ere baliatu ditzakete, gelan sortutako bertsoak erregistratzeko. 

Hiru euskarri nagusi eta ehunka eduki: sekuentzia didaktikoak, azalpenak emateko pantaila dinamikoak, bertso sorta musikatuak, pantaila jolasak, plazako bertsoaldi hautatuak, doinutegia…

2021-2022 ikasturtean 511 ikastetxetan aritu dira Bertsozale Elkarteko 50 irakasleak, gelaz gela, 29.970 ikasle bertsozaletzen. Ikasturte honetan www.bertsoikasgela.eus atariak 12.000 erabiltzaile izan ditu; eta bertsolaritza irakasleek, gelan klaseak bideratzeko, atariko 669 eduki ezberdin erabili dituzte. Atariak, gainera, material sorkuntzarako datuak ere eskaintzen dizkigu, non-zerk funtzionatzen duen azter dezagun.

Engranajea martxan da; ikasturtero pauso bat emanaz aurrera, denboraz egingo dugu bidea!