Hitzetik Hortzera, txapelketaren atarian

2022/09/16
Denboraldi berriko lehen programan 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko xehetasun guztiak ezagutuko ditugu, Oier Iurramendi txapelketako Talde Antolatzaileko kidearen ahotik. Gainera, udazkenean izango ditugun atal berriak ezagutzeko aukera ere izango da. Igandero, 15:00etan, ETB1en.

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aurkezpen ekitaldia egin berritan hasiko da Hitzetik Hortzera. Denboraldiko lehen programan txapelketako xehetasun guztiak ezagutuko ditugu Oier Iurramendiren ahotik; txapelketako Talde Antolatzaileko kidea da bera. Amasa-Villabonako Subijana etxean elkartu da Hitzetik Hortzera berarekin, eta elkartean txapelketa hasi aurretiko azken uneak nolakoak diren kontatuko du.

Txapelketaren aurkezpen ekitaldiko irudi esanguratsuenak ekarriko dira pantailara, eta baita protagonisten hitzak ere. Ekitaldian aurkeztu da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusirako Nerea Erbiti musikariak sortu duen sintonia; igandeko programan eskainiko da.

Txapelketaz harago, Bermeoko eta Donostiako jaialdietako bertsoak ere izango dira igandeko Hitzetik Hortzeran.

Udazkenean programa eraberritua

Irailaren 18an hasi eta abendura bitarte, atal berriak izango ditu saioak: txapelketako saioetako irudi esanguratsuekin osaturiko bideo laburpena, Idoia Torregarai umoregilea protagonista izango duen eta umorea eta iritzia batuko dituen Komunean atala, txapelketari buruz txapelketatik kanpo dauden bertsolarien iritziak, bertsoaldi historikoak eta astez aste txapelketako saioetako irabazleen adierazpenak. Guztia Eider Perez aurkezleak gidatuta.

Gogoratu: Hitzetik Hortzera, igandero, 15:00etan, ETB1en eta nahieran eitb.eus atarian.

Oier Iurramendirekin izan da Eider.