Hitzetik Hortzera saioak Donostian abiatuko du denboraldi berria

2018/09/27
Bertsolaritzaren ekosistema osatuko dugu aurtengo ikasturtean. Bertsoa urrutitik zein gertutik ikusteko leku aproposa da Gipuzkoako hiriburua eta bertan gertatzen dena arakatzera joango da aste honetan Eider Perez aurkezlea.

Bertsoak Donostiako txoko askotan entzun izan dira eta Eider Perezek txoko horietako batzuk erakutsiko dizkigu igandeko Hitzetik Hortzeran: Añorgako bertso-eskolan sartu, Antzoki Zaharrean bizi izan zen Indalezio Bizkarrondo “Bilintx” ezagutu, eta Trinitate plazako bertso-jaialdia eta Aieteko kantu jira erakutsiko dizkigu estreinako programan.

2018-09-30. HH-01

Era askotara bizi daiteke bertsoa eta hari horri tiraka joango gara Añorgako bertso-eskolara. Eider Perez hango kideekin elkartuko da eta galdetuko die nola eta zergatik hurbildu ziren bertso-eskolara, zer ematen dien bertako kide izateak, eta ea bertso-eskolatik plazarako jauzia egin duten noizbait.

Amodiozko poesia landu zuen bertsolaria

Donostiako Antzoki Zaharrean bizi izan zen “Bilintx” ezizenez ezagutzen dugun Indalezio Bizkarrondo Ureña poeta eta bertsolaria. Hitz gordinez eta sentimendu handiz landu zuen amodiozko poesia. “Triste bizi naiz eta hilko banintz hobe…” kantu ezaguna gogora ekarriko digu Perezek.

Bertsorik ez da faltako denboraldi berriko estreinaldian eta Donostian egin diren bi saiotako bertsoaldiak entzuteko aukera izango dugu. Alde batetik, Euskal Jaietan Trinitate plazan egin zen saioko hautaketa zabala entzungo dugu. Unai Elizasuren aginduetara kantuan aritu ziren Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Jone Uria, Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia eta Sustrai Colina. Bestalde, Aiete auzoan antolatutako kantu jiran bertsotan aritu ziren Alaia Martin eta Andoni Egaña; hango bertsoaldiak ere ekarriko ditugu.

Hori guztia igandean, 15:00etan, Euskal Telebistako lehen katean; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera, EITBko Nahieran orrian.