Hitzetik Hortzera eta Iruinkokoa

2023/02/09
Iruñeko libertimendua ezagutuko dugu aste honetako Hitzetik Hortzeran: Iruinkokoa. Otsaileran 19an ospatuko da eta guztia prest dute iruindarrek. Ekimenaren eta egunaren nondik norakoak ezagutuko ditugu Ihitz Iriart eta Aritz Ibañezekin. Horrez gain, Pasai Donibaneko eta Añorgako bertso saioetako bertsoaldiek osatuko dute programa.

“Libertimendua Iruñeko maneran”, horixe izango litzateke Iruinkokoaren definizioetako bat. Dantza, antzerkia, musika eta bertsoa uztartzen dituen ikusgarria da eta otsailaren 19an gertatuko da Iruñeko Alde Zaharrean.

Otsailaren 19an Alde Zaharreko karrikak hartuko dituzte Koko xuriek eta Koko beltzek, baita Iruinkokorako propio sortutako pertsonaiek ere: Koko faunak. Ihitz Iriart eta Aritz Ibañezek Iruinkokoaren sorrera, filosofia eta egun horretan Hiri Buruzagian gertatzen dena kontatuko dute aste honetako Hitzetik Hortzeran.

Lana eta saretzea

Iruñeko inauteri euskalduna ez da ordea egun bakarreko kontua. Euskal komunitatearen topaguneetako bat da Iruinkokoa eta horrek atzean duen lana, saretzea eta parte hartzearen berri ere kontatuko dute Iriart eta Ibañezek. Udazkenean hasten den lanak beraz, inauterietako igandean ikusiko du argia. Lehenik goizeko karrika inguruarekin eta ondoren Santa Ana plazan egingo den emanaldiarekin.

Pasai Donibane eta Añorgako bertsoaldiak

Bertsorik ere ez da faltako larunbateko Hitzetik Hortzeran. Pasai Donibanen Bixi-bixi elkarteak urtero antolatzen duen saioko bertsoaldiak eta Añorgan Energiari ekin izenburupean izan zen bertso saioetako bertsoak izango baitira entzungai.

Pasai Donibanen, Amaia Agirreren esanetara aritu ziren Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Alaia Martin. Añorgako antzokian berriz, Saroi Jauregik egin zituen gai-jartzaile lanak eta Unai Agirre, Uxue Alberdi, Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Alai Martin eta Eli Pagola aritu ziren bertsotan.

Hitzetik Hortzera, Koko xuriak, Koko beltzak, Koko fauna eta bertsoekin, astero bezala larunbatean 21:00etan ETB1en.

Iruinkokoa antolatzen duen taldeko kide dira Ihitz Iriart eta Aritz Ibañez.