"Hitza jolas" bilakatuta abiatu dira gaur "Ahoa bete hots" jardunaldiak

2013/07/03
"Ahoa bete hots" jardunaldien laugarren edizioa abiatu da. Uztailaren 3tik 5era "Hitza jolas" bilakatu eta ahozkotasunean trebatzeko jolasen eta ariketen berri emango da hiru egunez Villabona-Amasan, Subijana etxean, Mintzola Fundazioaren egoitzan. Juan Kruz Igerabide, Jaime Altuna eta Pello Mari Añorga izan ditugu gaurkoan.

Juan Kruz Igerabidek (Aduna, 1956) existentzia jolasa dela azaldu die jardunaldietako parte hartzaileei. Hogeitamar bat kidek azaldu dute jardunaldiotan parte hartzeko interesa, batez ere irakaskuntzan edo begirale lanean haurrekin ari diren profesionalak, antzerki mundukoak, ipuin kontalariak...

Gipuzkoako Urtxintxa aisialdi eskolako Jaime Altunak (Villabona, 1973) "Jolasaren hizkuntza eta hizkuntzaren jolasa" izan du hizpide. Hizkuntzaren erabileran hitzen lilurak duen garrantzia azpimarratu du eta lilura hori jolasetan aurkitzen dela gaineratu. Gelan egiteko hizkuntza jolasak landu ditu eta jolasak sortzeko ideiak luzatu dizkie bertaratutakoei.

Pello Mari Añorgak (Oiartzun, 1956) "Kontaketaren erritmoan: jolasean elkarrekin" performance komentatua eskaini du eta parte hartzaileak hitzarekin eta gorputzarekin jolasean jarri ditu.

Amaitzeko Laxaro Azkunek gidatutako mahai inguru interesgarria izan da.

Bihar izango dute jarraipena jardunaldiek. Oihane Perea bertsolaritza irakaslea, Gabi de la Maza (Txantxangorria) euskal musikarekin karaokeak sortzen dituen gorliztarra eta Oskar Estanga musikari eta bertsolaria izango ditugu gurean.

"Ahoa bete hots" jardunaldiak Mintzola Fundazioaren Elkargunean antolatu ditu aurten laugarrenez. Elkargunean ahozko lau kultur generotako eragileak biltzen dira gaur egun: Antzerkizale Elkartea, Ipuin kontalarien taldea, Kantuzale Elkartea eta Bertsozale Elkartea. Disziplina hauetan ari direnek dauzkaten kezkak eta esperientziak elkarbanatzeko laborategia da Elkargunea eta bertan egindako hausnarketen ondorio dira egunotan burutuko diren jardunaldiak.

Laxaro Azkune, Pello Añorga, Juan Kruz Igerabide eta Jaime Altuna mahai inguruan