Heriotzari buruzko bertso saioa Donostiako San Telmo museoan

2021/04/19
"Azken Bidaia" ekainaren 19an izango da; sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Andoni Egaña, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza ariko dira heriotzari bertsotan Azken Bidaia bertso saioan; Jon Sarasuak ere hartuko du parte. Ekainaren 19an izango da, 18:00etan, Donostiako San Telmo Museoan.

Sarrerak jada eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, 15 euroren truke; Bertsozale Elkarteko bazkideek 12 eurotan izango dituzte. Gainera, beste egun batean museoa bisitatzeko gonbidapena jasoko dute egunean bertan hara joandako zaleek.

San Telmo Museoak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dugu saioa, Plaza Biziberritzen ekimena babesten duten Eusko Jaurlaritzaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin.

Eskuratu sarrerak!

Saiakera berritzaileak

Heriotzaren gaia izango du mami Bidaiak egitasmoaren baitan antolatu dugun Azken Bidaia saioak. Bertso saio arruntak ez ezik, bestelako emanaldi eta saiakera berritzaileak ere bultzatu nahi ditugu Bertsozale Elkartetik, eta asmo hori gorpuzten du Bidaiak ekimenak. Bere baitan egin ditugu, esate baterako, sukaldaritza eta bertsolaritza elkartzen zituen Bertsoa Sutan emanaldia edota irrati programa itxura hartu zuen Uhinak saioa.