Hazparneko Bertso Eguna maiatzera atzeratu da

2021/01/19
Lapurdin egun dauden neurriekin ezinezkoa da bertso saiorik egin ahal izatea. Hala, maiatzaren 22ra atzeratuko da Bertso Eguna. Sarrera erosi duzuenoi dirua itzuli edo udaberriko saiorako gordeko zaizue sarrera. Beste bi Bertso Egunek beren datei eutsiko diete.

Urtarrilaren 30ean izan behar zuen Hazparnen 2021erako iragarritako lehen Bertso Egunak. Lapurdin egun dauden neurrien arabera, ordea, antzokiek itxita egon behar dute eta ez dago kultur ikuskizunik egiteko aukerarik. Hori horrela izanda, hilaren amaieran izan behar zuen Bertso Eguna maiatzaren 22ra atzeratuko da. Leku berean izango da, Mendeala gelan; baina ordubete lehenago, 17:00etan.

Sarrera erosia dutenekin jarriko gara harremanetan, eta dirua itzuli edo maiatzeko saiorako sarrera gordeko zaie. Maiatzeko Bertso Egun honetarako sarrerak jada eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Iruñekoa eta Getariakoa, otsailean eta martxoan

Otsailaren 13an Iruñeko Gayarren izango da, honenbestez, egingo dugun lehen Bertso Eguna: Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira ariko dira kantuan; Ainhoa Larretxea izango da gai jartzen. Getariako Balenciaga museoak hartuko du martxoaren 27koa; Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi ariko dira bertsotan, Maite Berriozabal lemazain dutela.

Bi emanaldiak Internetez zuzenean nahiz aurrez aurre ikusi ahal izango dira: modu baterako zein besterako sarrera eskuratu behar izango da. Aukeren arabera salneurria ezberdina izango da, eta bazkideek eta gazteek merkeago eskuratu ahal izango dituzte.

Emanaldiak Internetetik ikusteko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian izango dira. Aretoetarako sarrerei dagokienez, Iruñeko sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahal izango dira urtarrilaren 21era arte, eta, ondoren, www.teatrogayarre.com webgunean. Getariako saiokoak www.bertsosarrerak.eus atarian lortu ahal izango dira, baina herrian bertan ere jarriko dira: Getariako Turismo Bulegoan, zehazki, urtarrilaren 26tik aurrera.