Hastear da Eskolartekoa

2020/02/12
Otsailaren amaieran hasiko da Eskolartekoa: Gipuzkoan izango dira lehenengo saioak eta, udaberriarekin batera, gainerako lurraldeetan hasiko da. Ekainean egingo da egun osoko festa-finala.

Oinak buruan eta ideiak dilindan: gazteek Euskal Herria bertsoz zipriztinduko dute aurten ere. Lurraldez lurralde, bertsoa txoko txiki eta handietara iritsiko da gazteen eztarrietatik belarrietara.

32. aldia izango du Eskolartekoak aurtengoa. Idatzizko zein bat-bateko txapelketak egingo dira oraingoan ere eta, azken urteetako ereduari jarraituta, lurralde guztietan modu bateratuan egingo da. Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak gauzatzen dugu elkarlanean bat-bateko egitasmoa eta 15-18 urteko gazteek hartzen dute parte.

Bat-batekoari dagokionez, hilabeetako ibilbidea egin eta gero, Euskal Herriko Eskolartekoaren jaia egingo da, ekainaren 13an. Bertan parte hartuko dute aurretik lurraldez lurraldeko eskolartekoetan kantatu duten parte-hartzaileek; kasu gehienetan, probintziako bina ordezkarik.

Otsailaren 28an, lehen saioa

Haraino iritsi aurretik, ordea, lurraldeetan abiatuko du ibilbidea Eskolartekoak. Hilabete honetan hasiko da, otsailaren 28an, Gipuzkoan. Hiru kanporaketa egin eta gero, Lasturren amaituko da apirilaren 3an. Nafarroan ere apirilean izango da Eskolartekoa: apirilaren 24an, zehazki.

Maiatza heltzearekin hainbat lurraldetako gazteek izango dituzte eskolarteko saioak. Maiatzaren 24a izango da Lapurdiko, Baxenabarreko eta Zuberoako gazteek egutegian biribildu beharreko eguna; Itsasu bihurtuko da lurraldeotako bertsozale gazteen topaleku. Aurretik ere izango da sailkapen saiorik. Bizkaian ere maiatzean izango da Eskolartekoa. Lau saioren ostean, hilaren 30ean izango da finala. Araban egun bi hartu ohi dira, adin ezberdinetako gazteentzat: 14-18 urte bitartekoek maiatzaren 23an ospatuko dute Eskolarteko jaia, Legution, Bertsoa Bizi Gazte Egunaren baitan; gazteagoek ekainaren 6an ospatuko dute, Zigoitian.

Egunak hurbildu ahala, gogoraraziko dizkizuegu datak lurraldez lurralde.

Eskolartekoaren helburua gazteei bertsotan aritzeko tokia eskaintzea da: alde batetik, etorkizuneko bertsolari eta bertsozaleak trebatzeko plaza sortzea eta, bestetik, gazteen arteko harreman sarea osatzea. Hastear da gazteen bertso jasa!

Otsailaren 28an hasiko dira eskolarteko saioak. / XDZ