Gogoeta estrategikoa, Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldearen ahotik

2018/09/12
Iraileko berripaperak Bertsozale Elkarteak martxan duen gogoeta estrategikoari gorde dizkio bere orriak. Miren Artetxe, Igor Elortza eta Beñat Gaztelumendi Bertsozale Elkarteko ordezkariek eman dizkigute xehetasunak.

Ekainean abiatu zuen Bertsozale Elkarteak bere etorkizuna trazatzeko gogoetaldia eta jarraipena izango du udazkenean. "Bada garaia nondik abiatu ginen gogoratzeko eta norantz joan nahi dugun erabakitzeko" azaldu du Miren Artetxek BertsoZalea berripaperean; hark eman dio izenburua iraileko aleari, berak eta Igor Elortzak eta Beñat Gaztelumendik gogoetaren inguruan emandako azalpenek bete baitute iraileko berripapera.

Irakurri orain iraileko alea!

Aurreko gogoetatik orain arte egindako bideaz eta martxan dagoen prozesuaz hitz egin digute, begirada eta gogoa etorkizunean jarriz. Hurrengo hitzordua irailaren 22an izango du gogoetak eta bazkideak parte hartzera gonbidatu dituzte: "Borondatez lanean aritzeko gune zoragarria da bertsolaritza. Eta, berekoia izanik, ez dago norberaren burua lantzeko eta ikasteko lantaldean aritzea baino ariketa osasuntsuagorik", aitortu du Gaztelumendik. "Helburuak betetzeko lantaldeak indartu beharko ditugu, lantaldeak indartzeko bazkideok ilusionatu eta bazkideak ilusionatzeko egitasmo motibagarriak irudikatu" azaldu du Elortzak. Eta horretarako bazkideen parte-hartzea ezinbestekoa da.

Gogoetaz harago, BertsoZalea berripaperean topatuko ditugu Koplak, Poto-Finixa eta Puntua Jarrita atalak.

Udako atsedenaren ondotik, bueltan da BertsoZalea.