Gipuzkoa Bertsotan, hilabete honetako BertsoZalean

2015/05/08
Bertsoa Unibertsitatean ikastaroaren inguruko informazio zabala eta Eskolarteko Txapelketaren egitaraua, tarteko orrietan.

Asteburu honetan abiatuko da Gipuzkoa Bertsotan, Gipuzkoako Txapelketarako sailkapen fasea. Hori horrela, udaberrian egingo diren saio hauek hartzen dute hilabete honetako BertsoZalearen azala. 74 bertsolarik hartuko dute parte bertan, eta horietako 30 bertsolariek lortuko dute udazkenean burutuko den Gipuzkoako Txapelketara sailkatzea. Bertsolari bakoitzak bina saio egingo ditu, bata goizez eta arratsaldez bestea, eta honenbestez, hilabeteko epean 24 saio burutuko dira Gipuzkoako 12 herritan.

BertsoZalea. 164 maiatza 2015

Gazteenek ere Eskolartekoan dihardute. Bertso-eskolen laguntzarekin, Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatzen duten txapelketan 15-18 urte bitarteko gazteek hartzen dute parte; guztira, 112 gaztetxo ari dira. Herrialdeetako finalak eginda, Euskal Herri mailako finalera joango dira herrialde bakoitzeko ordezkari bi. Ekainaren 27an izango da hori, Orion.

Mintzola Fundazioak eta EHUko Uda Ikastaroek bigarren aldiz antolatu dute Bertsoa Unibertsitatean eskola. Bi ikastarok osatzen dute aurtengo zikloa: lehenean kantagintza, ipuingintza eta bertsolaritzaren bitartez, ahozkotasuna hezkuntza arautuan nola transmititu hausnartuko da. Bigarrenak bertsolaritzan jarriko du begirada, ideologikoki, transmisio ikuspuntutik eta ikerkuntzatik bere erronkak aztertuz. Matrikula epea zabalik da eta informazio osoa topa dezakezue jada .eus domeinua hartu duen www.mintzola.eus helbidean.

Eta nola ez, BertsoZalea borobiltzeko, bertsoaldiak, Puntua jarrita, Koplak eta Poto-Finixa. On egin!

Iazko Eskolartekoan, Orion